ZIGOR EGIA SUANCES

“Federazioaren 100. urteurrena baliatu nahi dugu Euskal Herriko mendizale guztiak ordezkatuko dituen espazio bat asmatzeko”

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko mar. 31a, 08:00

Bizitza osoa darama Zigor Egiak mendiari loturik. / Aiaraldea.eus

ZIGOR EGIA SUANCES (Amurrio, 1975) Euskal Mendizale Federazioko lehendakari berria da. Bizitza osoa darama mendiari lotuta, mendi gidari izateko ikasketak bukatzen ari da, eta 37.000 bazkidek osatzen duten federazio bat zuzentzeari ekingo dio orain.

Nola animatu zineten Euskal Mendizale Federazioko zuzendaritzarako hautagaitza aurkeztera?

Hiru urte eman ditut Bizkaiko Federazioan mendiko segurtasunekp arduradun bezala, eta Bizkaiko Federazioko zenbait kideren artean hitz egiten sortu zen ideia. Bertako kideon iritzi partekatua zen Euskal Mendizale Federazioak ez zuela behar besteko ikusgarritasun eta jardunik.

Pentsa, 37.000 federatuk osatzen dute federazioa eta horrez gain euskaldunon ADNan dago mendizaletasuna, etxe guztietan daude bota pare bat eta motxila bat. Federazioak ez zuen errealitate hori ordezkatzen, eta horri buelta eman behar zitzaion.Hori gutxi balitz, Araba Bizkaia eta Gipuzkoako federazioak bakoitza bere aldetik zihoala ikusten genuen, aparteko koordinazio edota helburu komunik gabe.

Testuinguru horretan hasi ginen lanean. Arabako eta Gipuzkoako federazioetako kideekin elkartu ginen gure hausnarketak elkarbanatzeko eta orduan sortu zen Euskal Mendizale Federazioko zuzendaritzara hautagaitza bat aurkeztearen ideia.

Zer duzue Euskal Mendizale Federazioari eskaintzeko?

Lan egiteko gogoak eta iniziatiba. Gure jarduna lan boluntarioa da , ez dugu dirurik kobratzen zuzendaritzako kide izateagatik, baina ilusioa dugu soberan. Mendiari diogun maitasunagatik gaude hemen.

“Historian lehenengo aldiz zuzendaritza parekide bat izango du euskal mendizale federazioak”

Talde bat osatu zenuten hautagaitza aurkezteko

Bai, talde ederra gainera! Hiru lurraldeetako federazioek babestutako hautagaitza izatea aurrerapauso handia izan zen, baina horrez gain federazioaren historian lehenego aldiz, lantalde parekide batek osatuko du zuzendaritza: lau emakume eta lau gizon.

Zortzi kide horietaz gain ekarpena egin nahi izan duten mendizale guztiei zabaldu dizkiegu ateak.

Nortzuk osatzen duzue zuzendaritza talde hori?

Lau emakume eta lau gizon gaude taldean: Araceli Bejarano, Ana Gonzalez, Ainara Aparicio, Mireia  Trigueros, Ricardo Hernani, Javi Calvo, Alberto Ruiz de Azua eta ni neu. 
Esperientzia handiko mendizaleak guztiak, bakoitza bere alorrean.

Zeintzuk dira datozen lau urteetarako markatu dituzuen erronkak?

Hiru lurraldeetako federazioekin batera soka berdinetik aurrera egitea da helburu nagusietako bat. Mendizaletasuna Euskal Herrian oso errotuta dagoen jarduna da eta federazioak ez die soilik federatutako pertsonei erantzun behar, baita mendi klubetan dauden kideei edota mendira doazen herritar guztiei ere.

Beste erronketako bat Pyrenaica aldizkaria eta Euskal Herriko mendi tontorretako postontziak Gizateriaren Ondare Immaterial izendatzea litzake.

Pyrenaica 1926tik argitaratzen den aldizkaria da, ziurrenik Europan gehien irakurtzen den mendi-aldizkaria, kioskoetan saltzeaz gain federazioko kide guztiei etxera iristen baitzaie. Mendietako postontziak euskal mendizaleek asmatutako ekimena da. Oso positibo izango litzake Eusko Jaurlaritzak  euskal mendizaletasunari hain lotuak dauden bi elementu  horien balioa aitortzea.

“UIAAn euskal federazioak ahots propioa izan dezan borrokatuko dugu, gainerako estatuen pare”

Euskal Mendizale Federazioak 100 urte beteko ditu.

Bai, 2024an mende bat igaroko da Euskal Herriko mendizale federazioa sortu zenetik, behar bezala ospatu nahi dugu eta erronka potoloak ezarri dizkiogu urteurrenari.
Nafarroako federazioarekin batera ospatzeko lanetan ari gara. Finean estamentu beretik jaio ginen bi federazio gara, bion urteurrena da. Azken urteetan ez da harremanik egon bi federazioen artean, baina gure helburua argia da: Nafarroara hurbildu eta harremanak estutu.

Gainera, 100. urteurrenaren aitzakia baliatu nahi dugu zerbait berria asmatzeko: Autonomien muga administratiboak gainditu, eta Euskal Herriko mendizaleak ordezkatuko dituen konfederazioa artikulatzeko.

Nola antolatuko zarete?

Batzordeka antolatzea da gure helburua. Batzorde desberdinak sortuko ditugu interesa duen mendizale orok parte hartu dezan. Besteak beste, hauek dira orain arte zehaztu ditugunak: Emakume batzordea, segurtasun eta formakuntza batzordea, gazte batzordea, 100. urteurrena antolatzeko batzordea edota kirol-egokituko batzordea.

Eliteko kirolariak eta gure selekzioak ere batzordeka ordezkatuak izango dira, eta horretarako eskalada, mendi-eski eta mendi-lasterketa batzordeak ere sortuko ditugu.
Hauek bakarrik ez; beste hainbat alorri ere eman nahi diegu garrantzia.

Nazioartean proiekziorik izango du federazioak?

Euskal Federazioak, duela urte batzuk, Kataluniako Federazioarekin batera, UIAAn ordezkaritza izatea lortu zuen. Nazioarteko mendi federazioen batasuna da, eta Genevan (Suitza) du egoitza. Ordezkaritza izan arren, ez dugu boto eskubiderik, ez baikaude herrialde gisa aitortuak.

Azken urteetan ez dugu ordezkaritzarik bidali bertara, baina zuzendaritza berriaren erronka bertan parte hartzea izango da, eta gainerako estatuek bezala, boto eskubidea lortzea. FEDMEri gure asmoen berri eman diogu eta ados daudela baieztatu digute.

Zer du federazioak euskal mendizaletasunari eskaintzeko?

Euskal herritarron izaeran oso errotuta dagoen zerbait da mendizaletasuna. Ez dut esango, inondik inora, mendizaletasuna guk asmatu genuenik, baina badugu mendia ulertzeko modu berezi bat. Oso kulturala da.

Mendian aitzindariak izan gara euskaldunak, alor askotan: 1924an lehenengo eskalada bidea ireki zuen Angel Sopeñak Fraileburun; Karakorumera, Himalayara edota munduko beste hamaika txokotara egindako lehenengo espedizioak euskal espedizioak izan ziren...

Hori gutxi balitz, geroz eta jende gehiago ari da mendira joaten. Akaso pandemiagatik, akaso ohartu direlako San Mames baino entretenigarriagoa dela. Mendia gure herriaren parte da, eta federazioak horri erantzun behar dio.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide