Larunbatean -martxoak 27- egun osoko egitaraua prestatu du Aiaraldeko Greba Batzordeak. "Eskualdea pairatzen ari garen enplegu eta bizi baldintzen suntsiketaren aurrean, sektore ezberdinak batzea izango da ekimenaren xedea, orain arteko borrokez eta aurrera begirakoez eztabaidatzeko, urrats bat aurrera emateko, hain zuzen", azaldu dute greba batzordeko kideek.
Egitarau oparoa
Sektore desberdinen arteko harremanak estutzea eta datozen mobilizazioen nolakotasuna definitzea izango dira prestaturiko egitarau oparoaren helburu nagusiak. Larunbatean 11:00etan jarri dute lehen hitzordua Amurrioko Juan de Urrutia plazatik egingo duten mobilizazioan. Jarraian gazteriaren prekarizazioa izango dute hizpide, mahainguru batean.
Aiaraldeko Greba Batzordeak oraindik ez du iragarri non egingo diren asanblada eta mahainguruak, baina lo zakua eta esterilla eramateko deia zabaldu du sare sozialetan.
Eguerdian elkarretaratzea egingo dute "Aiaraldea alerta gorrian" lemapean. Aiaraldeko Mugimendu Feministaren mahainguruak hartuko du lekukoa arratsaldean. "Patriarkatua, ezkutuko lanak eta emakumeen arteko aliantzak" izango dituzte hizpide.
Bigarren mahainguru batean eskualdeko langile borroketako esperientziak elkarbanatuko dituzte. Berriak Supermerkatuak, Tubos Reunidos, Tubacex, Envases eta Autoglas enpresetako langileek hartuko dute hitza.
Azkenik, Aiaraldeko Greba Batzordearen etorkizuna izango dute eztabaidagai. Aurrera begirako urratsak eta antolaketa eredua definitzea izango da azken asanblada orokorraren helburu nagusietako bat.
Aiaraldeko Greba Batzordeak oraindik ez du iragarri non egingo diren batzarra eta mahainguruak, baina lo zakua eta esterilla eramateko deia zabaldu du sare sozialetan.
Martxoaren 5ean, euskal gehiengo sindikalak deitutako mobilizazio egunarekin bat eginda, mila pertsonatik gora atera ziren Aiaraldeko Greba Batzordeak Amurrion arratsaldean egindako manifestaziora: