Aiaraldeko Greba Batzordeak mobilizazio eguna deitu du gaurko Amurrion, eskualdean jazotzen ari den lanpostuen eta bizi-baldintzen suntsiketa dela eta.
Goizeko hamaiketan abiatu da mobilizazioa Udaletxetik. Dozenaka herritar bertaratu dira, hainbat sektoretakoak: eskualdeko enpresa ezberdinetako beharginak, merkatariak, pentsiodunak, mugimendu feministako kideak...
Andra Mari elizara bertaratu eta itxialdia abiatu dute. Berez, eguna eta gaua elizan igarotzeko asmoa dute, bihar egunsentira arte.
Tubacexeko 129 kaleratzeek eta langileek horren aurka abiatutako greba mugagabeak piztu dute borroka, baina itxialdian dauden herritarrek nabarmendu dute arazoa ez dela enpresa horretara mugatzen, eskualde osoaren etorkizuna baita jokoan dagoena.
Egun osoko egitaraua
Gauzak hala, sektore ezberdinetako lagunak batzea izango da itxialdiaren helburua, urrats berriak adostu eta emateko borroka lantegi zehatz batetik eskualde osora zabaltzeko bidean.
Horretara bideratuak egongo dira gaurko egunean Amurrioko elizan egingo diren ekintzak.
Aiaraldeko Greba Batzordeak egun osoko egitaraua antolatu du, herritarren arteko eztabaida eta harremanak sustatzeko.
Zehazki, hauek dira egingo diren ekintzak:
12:00 // Prekarizazioaren aurrean, gazteon sareak eraikiz
14:00 // Elkarretaratzea Herriko plazan: "Aiaraldea Alerta Gorrian!"
16:00 // Patriarkatua, ezkutuko lanak eta emakumeon* aliantzak. Aiaraldeko Mugimendu Feministaren eskutik
18:00 // Langile gatazkak: bizipenetatik etorkizunera begiratuz. Ondorengo enpresetako langileek hartuko dute parte: Tubacex, Autoglas, Tubos Reunidos, Envases eta Berriak Supermerkatuak.
Solasaldi hau streaming bidez emitituko da zuzenean ondorengo estekan: https://labur.eus/grebabatzordea
20:00 // Asanblada Orokorra
Greba Batzordearen etorkizuna
Itxialdia dagoeneko abiatu den arren, elizako ateak irekita egongo dira gaueko hamarretara arte, nahi duen herritar orok parte hartzeko aukera izan dezan. Era berean, Aiaraldeko bizilagun guztiei luzatu diete itxialdira batzeko deia.
Horrez gain, ekimenean parte hartzeko gonbita luzatu diete baita ere Aiaraldeko zein eskualdetik kanpoko ordezkari sindikal, sozial, politiko zein instituzionalei, Amurrioko elizara gaurko egunean zehar bertaratuta.