Eusko Jaurlaritzak Tubos Reunidoseko langileen etorkizunarekiko inolako konpromisorik hartu ez duela salatu dute

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko mar. 29a, 09:29
Apirila erdialdean mobilizazioei ekingo diete langileek. / Aiaraldea.eus

LAB eta ESK sindikatuek oharra plazaratu dute iragan astean Eusko Jaurlaritzarekin izandako bileraren balorazioa egiteko. Erantzukizun eta konpromiso falta salatu dute gobernuaren partetik. Langileak aktibatzeko eta mobilizatzeko unea dela uste dute bi atal sindikalek.

Eusko Jaurlaritzarekin elkartu ziren iragan astean Tubos Reunidoseko LAB eta ESK sindikatuetako ordezkariak. Zuzendaritzak Enpresa Estrategikoen Kaudimenari Laguntzeko Funtsari (SEPI) 115 milioi euroko erreskatea eskatu ziola jakiterakoan, bi atal sindikalek TRI eta PT enpresetako batzordeko gainerako sindikatuei ere luzatu zieten Enplegu eta Industria Sailarekin elkartzeko proposamena, baina ideiak ez zuen babes nahikoa jaso, oharrean azaldu dutenez.  

LAB eta ESK sindikatuetako ordezkariek bi bilera egin dituzte Eusko Jaurlaritzarekin eta ohar bidez plazaratu dituzte ondorioak. Bi atal sindikalak ez datoz bat Jaurlaritzak Tubos Reunidos taldearen zailtasunen jatorriaren harira egindako diagnostikoarekin ezta arazo horiek ekar ditzakeen ondorioekin ere.

Gobernuak aitortu egin zien sindikatuei ez zuela taldearen Plan Estrategikoaren berririk, eta harremanak egingo dituzte Tubos Reunidoseko zuzendaritzarekin eta baita langileen ordezkaritza guztiekin ere.

LAB eta ESk sindikatuen hitzetan, "Eusko Jaurlaritzak ez du, SEPIri eskatutako erreskateari dagokionez, borrokarik egingo diru hori kalitatezko lanpostuak mantentzeko berme-baldintzekin eman dadin".

Lan erreforma indargabetzea

Jaurlaritzarekin egindako bilerak baliatu zituzten sindikatuek Enplegu Sailburuordeari eskatzeko PSOE alderdiak Lan Erreforma indargabetzeko hartutako konpromisoa aurrera eramatera bultzatzea. Langileen ordezkarien iritziz, erreforma horri heldu dio patronalak lan-baldintzak prekarizatzeko eta kaleratzeak gauzatzeko.

Eusko Jaurlaritzak Tubos Reunidos taldearen etorkizunarekiko duen konpromiso eta erantzukizun falta da LABek eta ESKk bilera sortatik ateratzen duten ondorio nagusia, eta estrategia falta salatu dute bai Aiaraldean baita Ezkerraldean ere estrategikoa den enpresa batekiko. "Bilera sorta honen ostean, LABek eta ESK-k argi daukagu langile gisa ezer gutxi espero dezakegula Eusko Jaurlaritzatik eta SEPItik. Baina gure indarra gure baitan datza; gure elkartasuna eta borrokarako gaitasuna ditugu."

Langile bezala aktibatzeko unea dela deritzote. Bide horretan, mobilizazioei ekingo dietela jakinarazi dute. Apirila erdian protesta egingo dute Bilbon, enpresak bertan dituen bulegoetan, enpresa batzordeko gainerako sindikatuekin batera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide