Auzoko kaleak hartuko dituzte San Joseko jaiek aurten

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko api. 8a, 06:00
Placton taldeak girotuko du arratsaldea San Joseko jaietan. / Aiaraldea.eus

Ekintza presentzialak sare sozialen bidezko jarduerekin uztartuko dituzte, COVID-19a dela eta.

Iaz bezala, aurten ere pandemiak ez du Amurrioko San Jose auzoko jaiak gelditzea lortu. Jai Batzordea buru-belarri aritu da egitaraua prestatzen, eta 2020an bezala, maiatzaren 1ean jarriko dituzte indarrak.

Egun horretan, 10:00etan jaurtiko dute txupinazoa, jai-giroa auzoan zehar hedatzeko. Auzoko balkoien apainketarekin hasiko dituzte festak. Jai Batzordeak saria banatuko du parte-hartzaileen artean, dekorazioa eta animazioa baloratuko dituzte horretarako.

11:00etan San Jose saria txirrindulari lasterketa abiatuko da auzoan barrena, eta 12:00etan jaunartze meza ospatuko dute San Joseko parrokian. Aurten, gainera, parrokiaren 50. urteurrena ere ospatuko dute.

Eguerditik aurrera San Joseko plazara mugituko dute jai egitarauaren zati handi bat. Eguraldiak hala eskatzen badu kiroldegiko estalkira eramango dituzte ekintzak. Bertan egongo da magia ikuskizuna Jon Ander Magoaren eskutik, 12:30ean.

Egun osoko egitaraua prestatu dute maiatzaren 1erako

Eguneko bigarren lehiaketa tortillena izango da. Balkoien dekorazio lehiaketa bezala, modu telematikoan egingo dute hau ere, sare sozialak baliatuta.

Parte hartzeko nahikoa izango da prestatutako plateren irudia sanjosekojaibatzordea@gmail.com helbide elektronikora bidaltzea.

Dantza eta musika

Jai guztietan bezala, aurtengoan ere ez dira dantza eta musika faltako. Kuskua elkarteak dantza emanaldia eskainiko du auzoko plazan 18:00etan. Horren ostean, 19:00etan, Placton taldeak girotuko du iluntzea.

COVID-19aren aurkako protokoloa

Jai Batzordeak segurtasun neurri guztiak bermatuko ditu jaiez gozatu nahi duten auzokideen osasuna zaintzeko. Horretarako, COVID-19aren aurkako protokoloa ezarriko dute. Ekintza presentzial guztietan edukiera mugatua izango da eta maskararen zein desinfektatzeko gelen erabilera, derrigorrezkoa. Gainera, emanaldiek iraun bitartean, eserita egon beharko dira ikusleak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide