Giltzarrapo taldeak ezin izango du igoerako kanporaketa jokatu, liderra izan arren sailkapenean

Aitor Aspuru Saez 2021ko api. 15a, 07:00
Giltzarrapo taldeak denboraldi bikaina osatu du aurten. / G. C. D.

Arabako Federazioak jakinarazi berri dio Gitzarrapo Amurrioko futbol taldeari ezin izango duela kategoria igoera fasea jokatu. Izan ere, Erregional Preferente mailan aritzeko eskubidea ukatu die erakundeak, talde filiala edo dependentea ez izateagatik.

Araudiaren arabera, Gasteiz, Laudio eta Amurrioko klubek (hau da 5.000 biztanle edo gehiagoko udalerrietakoek) talde filial edo dependenteren bat izan behar dute Erregionaleko Lehen Mailan edo beste kategoria apalagoan. Giltzarrapok ez du, ordea, horrelakorik.

"Talde xumea gara, baina gure jokalari guztiak dira amurrioarrak. Ez diogu zentzu handirik ikusten arauari, talde askok ez baitute herriko jokalaririk. Ezin izan dugu talde filialik sortu, are gutxiago pandemia egoeran. Aurten liga beranduago hasi da eta ez genekien ezta jokatuko ote zen. Kaskagorrirekin akordioa lortzen saiatu ginen, baina Amurrio Clubarekin dute hitzarmena", azaldu du Borja Guillen Giltzarrapoko ordezkariak.

Nahiz eta igotzeko paradarik ez izan, Giltzarrapok federazioari eskatu dio Play-offak jokatzeko aukera ematea, baina ezezkoa jaso dute. Berez, jardunaldi bakarraren faltan, Giltzarrapo da Arabako Erregionaleko Lehen Mailako burua, eta 2 puntuko abantaila du bigarrenari dagokionez. "Play-offetan egoteko txartela bagenuen, lehenengo hiru taldeak sailkatzen baitira", aipatu du Borja Guillenek.

Gauzak horrela, hurrengo denboraldira arte itxaron beharko du Giltzarrapok, eta filiala sortu, kategoria igotzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide