NAHIA SEIJAS GARZON

“XVIII. mendeko geologia da nagusi gure eskoletan”

Txabi Alvarado Bañares 2021ko mai. 12a, 11:55
Nahia Seijas Garzon CAF-Elhuyar sariarekin. / Iñigo Ibañez

NAHIA SEIJAS GARZONek (Amurrio, 1993) CAF-Elhuyar saria jaso berri du Alferrik saiatzen gara natura giltzapetzen artikulua idazteagatik.

CAF-Elhuyar saria jaso duzu, dibulgazio orokorreko artikuluen alorrean. Espero zenuen?

Poz handiarekin jaso nuen albistea. Ez dakit espero nuen edo ez, baina oso pozik nago egindako lanarekin, saria merezi dudala uste dut, ondo dagoelako.
Elhuyar erreferentziazko aldizkari bat da niretzat eta ilusio izugarria egin dit.

Geologia ikertzeko moduen bilakaera aztertu duzu lanean. Zer dela eta hautatu zenuen gai hori?

Alde batetik, Biologia eta Geologia irakasten ditut Bigarren Hezkuntzan. Bestetik, Bilboko Hezkuntza Fakultatean nago tesi bat egiten, geologiaren didaktikari buruz. Geologia nola ikasi eta irakasten den ikertzen ari naiz.

Bi aldetatik jaso dut artikulua egiteko motibazioa. Geologia nola irakatsi ikertzeko orduan oso erabilgarria eta ohikoa da geologiaren historiari erreparatzea. Askotan ikusi daiteke zientzia baten garapenean historian zehar egon diren oztopoak gure ikasleek ere izaten dituztela. Horregatik, polita da historian zer gertatu den ikustea, gure eskoletan ere horri arreta eskaintzeko.

Horri buruz irakurtzen nenbilena konturatu nintzen XVIII. mendeko geologia dela nagusi gure eskoletan. Badirudi gure eskolek ez dutela XIX. mendeko natur zientzien iraultza igarri.

“Naturak lau dimentsio ditu: hiru dimentsio espazialak eta denbora dimentsio bat. Laurak behar dira fenomeno bat bere osotasunean ulertzeko”

Sentsazio hori dut askotan. Eskolan egiten diren ariketak testuinguratu gabekoak dira maiz. Ez dute natur zientzien ikuspegi historikoa kontuan hartzen, ezta ikuspuntu ekologikoa ere (naturako elementuak elkarri lotuak daudela eta gauza bat aldatzen baduzu horrek gainontzekoei eragingo diela). Klasean egiten diren ariketek XVIII. mendeko eskola batean egingo liratekeenak dirudite. Horrek bultzatuta ekin nion lanari. Ikuspegi historikoa baliatu nahi nuen eskolari kritika bat egiteko.

Gaur egungo eskolari?

Bai. Laborategietan gertatzen dena, adibidez, oso paradoxikoa da. Mineral bildumak baliatzen dira. Ez dakigu elementu horiek nondik atera diren, ezta noiz sortu diren ere. “Gauza bitxiak” izango balira bezala lantzen ditugu. Oso era mekanikoan sailkatzen ditugu, ezaugarri batzuen arabera, baina ez dakigu ezer gehiago. Hori da eskolako  egunerokotasuna. Hori da ikusten dena biologia eta geologia liburua irekitzerakoan. Beste ariketa tipiko bat honakoa da: Karst baten iruditik gezi batzuk ateratzea, elementuen izenak jartzeko: estalaktita, estalagmita… testuinguratu gabeko irudi bat da hori ere, marrazki bat, ez da ezta benetako argazki bat ere; eta hori da egiten dugun gauza bakarra, Ilustrazio garaian bezala.

Nola irakatsi beharko litzateke geologia?

Hurbil ditugun elementuak baliatu beharko genituzke. Eskolako patioan edo inguruko lorategi batean liburuan dagoena baino gauza interesgarriagoak gertatzen ari dira. Hurbileko ingurunea ezagutzea da garrantzitsua.

Ikuspegi historikoa ere ondo irakatsi beharko litzateke. Geologia eta biologia zientzia historikoak dira. Biologia ez litzateke existituko eboluzioaren teoriarik gabe, baina ikasle askok eboluzioa ikasi gabe amaitzen dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

Geologian ez da denbora ikuspegia lantzen, baina zientzia historiko bat da, kosmologia edo historia bezala. Lurraren artxiboak dira arrokak, eta horiek irakurtzen ditugu lurraren iragana ezagutzeko. Geologia ikasteko beharrezkoa da landara atera eta arrokak ikustea, euren tokian. Bertatik jakin behar dugu asmatzen zer istorio kontatzen diguten.

Beraz, gehiago balio dezake eskolatik gertu egon daitekeen harri batek bilduma bateko mineral batek baino?

Hori da, askoz informazio gehiago baitu. Bilduma bateko ale batzuk aztertzea XVIII. mendeko kontua da. Garai hartan hori zen zientzialariek egiten zutena, baina gaur egun ez. Aurrera joan behar dugu, hori atzean utzita.

Naturak lau dimentsio ditu: hiru dimentsio espazialak eta denbora dimentsio bat. Laurak behar dira fenomeno bat bere osotasunean ulertzeko, eta hori ez dugu lortuko elementu bat hartu eta gela batean ixten badugu, bere zentzu guztia galtzen duelako.

“Klaseetan egiten diren ariketak testuinguru gabeak izaten dira maiz. Ez dute natur zientzien ikuspegi historikoa kontuan hartzen, ezta ikuspuntu ekologikoa ere”

Geologiaren irakaskuntzari buruzko tesia egiten ari zara. Zertan datza?

Ikasleekin garatutako esperientzia bat analizatzean. Metodo nahiko berritzaile bat egin dugu eta horren analisia egiten ari naiz.

Geologia irakasteko modua hobetzea da helburua?

Bai. Nik gauza bakarra nuen argi: landa-irteera bat egon behar zela eta sekuentzia didaktikoaren oso zati garrantzitsua izan behar zuela.
Urduñan egin genuen landa-irteera, egitura geologiko oso bitxia dagoelako bertan, diapiro bat. Hori aztertu genuen. Nerbioi ibaiaren ur-jauzira ere gerturatu ginen, karstari buruzko zenbait ariketa egiteko.

Bi urtez egin dugu dinamika, Hezkuntza fakultateko ikasleekin. Koronabirusa dela eta ezin izan dugu berriz errepikatu, baina baditugu ikasleen arteko talde-elkarrizketak grabatuta. Informazio pilo dugu, eta dena analizatzen ari gara orain, sekuentzia pedagogikoak geologiako oinarrizko kontzeptu batzuk barneratzen nola lagundu dien aztertzeko.

Zertan datza sekuentzia pedagogiko hori?

Helburua da zientzialariek lanean egiten dituzten praktika berdinak egiteak ikasleek ere, eskoletan. Modelizazioa da praktika horietako bat: naturan ematen den fenomeno bat erreplikatzea, simulazio edo maketen bidez, modu horretan fenomenoa ulertu ahal izateko. 
Metodo hori baliatu dugu ikasleek fenomeno geologiko batzuk azaldu ditzaten. Nahiko pozik gaude, ondo atera dela uste dugu.

Aiaraldean dagoen ondareari dagokionez, zeintzuk dira geologia ikasteko eskualdeko tokirik onenak?

Urduñako zonaldea da gehien ezagutzen dudana, bertan egin dugulako ikerketa. Gorobel mendilerro osoa ikaragarri polita da. Arroka horiek goi-kretazikoan sortu ziren, Itsaso azpian, plataforma kontinental batean, kontinentearen eta ozeanoaren arteko mugan. Plataforma kontinentalak organismo mikroskopikoen oskolekin osatuak daude. Oskolen pilaketen ondorioz sortu dira mendi horiek, milaka urteko bilakaeraren ostean. Harrigarria da. Arroka horiek mikroskopioarekin ikusiz gero fosilak atzeman daitezke, fosilez osatuak baitaude.

Bestetik, karstifikazio-prozesu oso handia jasan dute. Santiago mendian, adibidez, dolina eta kobazulo oso ikusgarriak daude. Ibaiaren meandroetan ikusi daiteke nola gauzatzen den sedimentazioa,  asko ikasi daiteke bertan prozesu geologiko horri buruz.

Horrez gain, Urduñako bailara osoak zirkulu forma du, diapiro bat da eta kareharri oso handiak sedimentatu ziren horren ostean.

Kontua da kareharriek asko pisatzen dutela eta  azpiko buztinek dentsitate gutxiago dutela. Dentsitate gutxien duen elementua gorantz doa beti. Horregatik, beheko buztinak igotzen hasi ziren apurka-apurka, gaineko kareharriak apurtu zituzten, txanpiñoiak izango balira bezala ateraz, diapiroa sortuz. Modu horretan eratzen da krater formako egitura. Beste toki askotan ere gertatu da hori, Añanako gatzagetan kasu.Gai horri buruzko proiektu bat eginez geologia asko ikasi daiteke. Horretarako ez dago Zumaiara joan beharrik. Oso prozesu ohikoa da, baina ohikoa izateak ez dio interesa kentzen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide