Lan baldintza duinak bermatzeko lanuzteak egiteari ekin zioten iragan apirilaren 24ean Amurrioko Berriak-BM Shop supermerkatuko langileek. Gaur -maiatzak 14- laugarren lanuztea egitea zuten aurreikusia. Beharginek, ordea, aurreakordioa erdietsi dute supermerkatuko zuzendaritzarekin, eta paroa bertan behera uztea erabaki dute.
Langileen ordezkariek jakinarazi dutenez, aurreakordio proposameneko hainbat aspektu lantzeke daude oraindik, eta langileen oniritzia jaso beharko du datorren astean. Edonola ere, "aurrerapausotzat" jo dute proposamena, eta lan gatazka bideratuta dagoela adierazi dute.
Esker mezua
Supermerkatuko langileek eskerrak eman dizkiete aste guzti hauetan babesa adierazi dieten herritarrei: Aiaraldeko Mugimendu Feministari, Tubacexeko grebalariei edota La Encina erresidentziako beharginei, besteak beste.