Udaltzaingo ereduaren inguruko eztabaida egiteko proposamena erregistratu du EH Bilduk

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko mai. 20a, 09:22
Amurrioko Udaltzaingoaren egoitza. / Aiaraldea.eus

Hurbileko polizia-eredu baterantz urratsak ematea eskatu dute. Udaltzaingoaren jarduna erregulatzeko araudi baten beharra nabarmendu du koalizioak.

Udaltzaingoaren ereduari buruz eztabaidatzeko eskaera erregistratu zuen iragan astean Amurrioko EH Bildu udal taldeak. Bi alor nagusiren inguruan eztabaidatu nahi dute nagusiki: Udaltzaingoaren araudi baten beharra eta Herritarren Segurtasunerako alor baten sorrera.

Izan ere, Amurrioko Udaltzaingoa 14 polizia agentek osatzen duten arren, ez dago gorputzaren jarduna arautzen duen ordenantza edo erreglamendurik.

Herritar Segurtasunerako alorra

Alor horren sorrera da EH Bilduk erregistratutako mozioko proposamen nagusietako bat. Gainerako udal batzordeek duten maiztasun bera eta Udaltzaingoaren arduradunen parte hartzea izango luke alorrak.

Halaber, parte-hartze foro bat sortzea ere jarri dute mahai gainean, "arazoak identifikatzea, lehentasunak zehaztea eta ezarritako udal politiken eraginkortasuna aldian-aldian ebaluatzea" helburu lituzkeena .

Polizia-eredua eztabaidagai

"Hurbiltasuneko" polizia-eredu baterantz urratsak ematea da EH Bilduren asmoa, eta bide horretako urrats bezala definitu ditu aurkeztutako proposamen eta eztabaidagaiak. EH Bilduren iritziz, prebentzioan oinarritutako eredu bat da hori, "zigortzeko esku-hartzeak eta isunak murriztuz".

“Bizikidetza harmonikoa bilatu behar dugu, hain funtsezkoa den zerbitzu batekin. Horretarako, bizilagunek egoeraren diagnostikoan, jardueren diseinuan eta haien eraginkortasunaren ebaluazioan parte hartzeko prozesua ireki behar dugu. Helburua da herritarrekin batera lan egitea, entzunez, informatuz, heziz, konbentzituz eta, azken batean, hurbileko eta auzotarrentzako udaltzain-eredu bat lagunduz”, adierazi du Iñaki Ibarluzea EH Bildu Amurrioko bozeramaileak.

Udaltzaingoak herritarren iritzia eta gogobetetze-maila ezagutu behar dituela azpimarratu du Ibarluzeak, “elkarreragin eta lankidetza horretatik guztiok erosoago egongo garen harreman bat sortuko da”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide