Izaskun Bengoa amurrioarra Espainiako ipar-martxako txapeldunorde izendatu dute asteburuan Coruñan jokatu den txapelketan bigarren postua lortu ostean. Sonia Mirasen atzetik zeharkatu zuen helmuga Bengoak, 1:38 denbora erdietsita. Berez, Mirasek hiru aldiz lortu du jadanik txapela eta, gainera, Andaluzia ordezkatu arren, galiziarra da jatorriz, Lepen bizi arren.
Arantxa Pinedok itxi zuen emakumezkoen podiumeko sailkapena. 14 kilometroko lasterketa izan zen Galizian jokatutakoa, eta 178 kirolarik hartu zuten parte guztira.
Bengoak oso positiboki baloratu du asteburuko proba: "Asteburu gogorra izan da baina oso pozik nago emaitzarekin, aste oso emankor bati amaiera bikaina eman diogu". Izan ere, ipar-martxa sustatzeko enpresa bat jarri du martxan Bengoak eta azken egunetan saio ugari eskaini ditu.
Euskal Selekzioa txapeldun
Sailkapen indibidualerako zein taldekako sailkapenerako puntuagarria zen froga. Ondorioz, lehengo postua lortu zuen Izaskun Bengoak ordezkatzen duen Euskal Selekzioak.