IZASKUN BENGOA PEREZ

“Kirol hau ezagutu nuen lehen momentutik jakin nuen nire pasio bilakatuko zela”

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko eka. 9a, 07:50
Izaskun Bengoa Perez ipar-martxako Espainiako txapeldunordea da. / Aiaraldea.eus

IZASKUN BENGOA PEREZ (Amurrio, 1977) duela bi urte hasi zen ipar-martxa praktikatzen baina ibilbide luzea egin du kirol honetan dagoeneko: enpresa bat sortu berri du eta Euskal Selekzioarekin ari da lehiatzen.

Enpresa bat sortu berri duzu ipar-martxa praktikatu eta zabaltzeko, nola otu zitzaizun ideia?

Nire bizitza beti egon da kirolari lotua. Gaztetan txirrindularitzan aritu nintzen, eta IVEF ikasi nuen. Gainera, urte asko igaro ditut Amurrioko Bañueta kiroldegian lanean, hainbat jarduera dinamizatzen. Pandemiaren ondorioz 14 hilabete eman ditut enplegua erregulatzeko espedientean. Nik lan egiten jarraitu nahi nuen baina ez nuen nire etorkizuna kiroldegian ikusten, eta ipar-martxa eskualdetik zabaltzeko helburuarekin: Izaskun Bengoa Nordic Walking & Fitness enpresa sortzera animatu nintzen.

Hain zuzen ere Berbalagun taldearekin apirilean egin nuen saio batek eman zidan enpresa sortzeko behar nuen bultzada. ERTEan egonda ezin nintzen talde batekin kalera atera ez bainuen beharrezko asegururik, eta Gasteizko lagun bat etorri zen arduradun gisa, berak ere nire tankerako enpresa bat baitzuen. Orduan ikusi nuen nik ere urrats hori eman behar nuela.

“Ikastaroak eskaintzen hasi naiz, ordu eta erdiko iraupeneko saioekin”

Hasieran beldur asko nituen, orain arteko nire lana oso erosoa izan baita. Kiroldegian ordutegi finko bat nuen eta asteburuak libre. Baina jendearen babesa izugarria izan da, eta badakit gustura egingo dudan zerbaitetan lan egitera noala.

Kirolaren zer aspektu jorratuko dituzu?

Ikastaroak ematen hasiko naiz, eta entrenatzaile pertsonal bezala ere eskainiko ditut zerbitzuak. Urte asko daramatzat sektore horretan lanean, kiroldegian entrenamenduak gidatzen, esaterako. Hilabeteko ikastaroak eskaintzen hasi naiz, ordu eta erdiko iraupeneko saioekin. Ziur naiz epe laburrean eskaintza zabalago bat jarri beharko dudala mahaigainean. Inguruko udalekin ere hasi naiz harremanetan ipar-martxaren aldeko apustua egin dezaten. Urduñan eta Amurrion oso harrera ona izan dut.

Oraindik kirol ezezaguna da, baina alor ugaritatik jorratu daiteke: euskaratik, kirol eta kultura alorretik, ongizatearen eta osasunaren alorretik edota ikuspuntu turistiko batetik ere.

Noiz ezagutu zenuen ipar-martxa?

Duela bi urte ezagutu nuen kirol hau, Amurrioko Udalak 2019ko udaberrian eskaini zituen ikastaro batzuei esker. Sei saio izan ziren, Refor inguruan. Ezagutu bezain laster esan nion nire buruari kirol honetan murgildu beharra nuela. Lehenengo momentutik maitemindu ninduen.

Kiroldegira joan nintzen eta jarduera hau eskaintzen hasi behar ginela esan nien, eta horrela egin genuen.

Zer onura ditu kirol honek?

Oso jarduera osasungarria da. Ipar-martxa praktikatzen gorputzeko giharren %90 landu ditzakezu. Oinez giharren %60 mugitzen dugu soilik, baina gorputzaren goialdea erabilita besoak, sorbalda eta bizkarra ere jartzen dira lanean.

Kalean praktikatzen den kirola da, gaur egun bizi dugun egoerarekin balioan jarri beharreko ezaugarria. Urte osoan zehar egin daiteke, orotariko inguruetan gainera: kalean, parkeetan, mendian... Eguraldi ona edo txarra egin, berdin-berdin praktikatu daiteke ere. Badirudi euria egiten denean ez dagoela kirola egiterik eta hori gezurra da!

Non du jatorria?

Kirol hau Eskandinaviar herrialdeetatik dator. Eskia praktikatzen zuten kirolariek uda sasoian, elurrik ez zenean entrenatzeko garatu zuten teknika batean du jatorria. Denborak aurrera egin ahala garatuz eta perfekzionatuz joan da, gaur egun ezagutzen dugun kirola bilakatu arte.

“Euskal Selekzioan nago eta Espainiako txapelketan bigarren postua lortu nuen ekainaren 6an, Coruñan. Sasoi betean ikusten dut nire burua”

Zer behar da ipar-martxa praktikatzeko?

Funtsezkoena makilak dira. Ez dira mendian erabiltzen ditugun ohiko makilak, horiek oreka mantentzeko daude pentsatuak, ipar-martxakoak, aldiz, bultzada emateko. Newtonen hirugarren legea dago oinarrian, akzio-erreakzio legea: makilarekin indarra egiten dugu lurrean eta kontrako noranzkoan indar berdineko bultzada jasotzen dugu.

Txapelketetan ere aritzen zara.

Bai, ipar-martxako talde batean nago: Hazten. Taldea gasteiztarra da eta beraiekin batera parte hartzen dut txapelketetan. Oso ondo ikusten dut nire burua, sasoi betean. Euskal Selekzioan nago eta Espainiako txapelketan parte hartu berri dut ekainaren 6an Coruñan. Bigarren postua lortu nuen sailkapen indibidualean eta selekzioarekin lehenengoa. 

2019ko udaberrian ezagutu nuen kirol hau eta urte horretako urrian parte hartu nuen nire lehenengo lasterketan, Donostian. Hasi berria nintzen eta ez neukan lizentziarik, Open kategorian parte hartu nuen. 12 kilometroko lasterketa izan zen; ni azken postuetatik atera nintzen, eta lehen postua lortu nuen nire kategorian.

Lorpen horrek aurrera jarraitzeko motibazioa eman zidan. Entrenatzen jarraitu nuen eta beste bi lasterketetan parte hartu nuen, guztietan lortu nuen podiumera igotzea. Pixkanaka-pixkanaka hobetzen joan nintzen ,baina pandemiak lasterketa guztiak eten zituen.

2020ko abuztuan ekin zioten berriro froga bakanen bat antolatzeari. Donezteben ipar-martxako lehenengo maratoia jokatu zen eta izena eman nuen. 42 kilometroko froga oso gogorra izan zen, baina pozik geratu nintzen emaitzarekin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide