ERREPORTAJEA

Mariaka indartsua; abestia izatetik, erraldoia, ipuin ilustratua eta ikuskizuna bilakatzera

Aitor Aspuru Saez 2021ko eka. 15a, 09:12

Erraldoiak sortu dituzte Zaraobeko ikasleek. / Aiaraldea.eus

Zaraobe Institutuko hainbat ikasle eta irakaslek proiektua abiatu zuten urte hasieran K@ntu K@ntari diskoan argitaratutako abesti batekin. Lan horren emaitza izaten ari dira erraldoiak, ipuin ilustratua eta ekainaren 16an -bihar- egingo den emanaldia, Mariakan bertan.

2020ko azken asteetan kaleratu zuen Kokoriko Hezkuntza Faktoriak K@ntu k@ntari diskoa. Proiektu horretan jasotzen ziren eskualdeko hainbat kondaira eta tokiren historia abestitan. Horietako batek, Mariaka indartsua, bereziki, piztu zuen jakin-mina Zaraobe Institutuan: “Abenduan Gasteizko Koldo Mitxelena institutura joan ginen bertako proiektuak ezagutu eta hauek aurrera eramateko kudeaketa ezagutzera. Ideia berri asko buruan genituela, Gabonetako oporrei ekin genion eta orduan ezagutu genuen K@ntu k@ntari diskoa. Oso interesgarria iruditu zitzaigun diskoarekin lanean hastea: gure ondarea ezagutzeko baliogarria zitzaigun, diziplina ugarirekin aritzeko balekoa zen eta, hori gutxi balitz, eskualdeak ekoiztutako lan bat erabiltzen genuen”.

Gauzak horrela, Izaskun Telletxea, Luis Alciturri eta Maite Laburu irakasleen eskutik, urtarrilean bertan hasi ziren lanean Mariaka indartsuaren kondairarekin eta jarduera bizia izan dute ikasturte amaieran. Izan ere, institutuko ikasle eta irakasle ugariren -250 inguru- sinergiek ipuin ilustratua, erraldoiak eta musika ikuskizuna gorpuztuko dituzte berehala.

Kondaira moldatu eta berridatzi dute, kontakizunak dituen alde baztertzaileak edota arrazistak desagerrarazteko

Kondaira moldatu

Egitasmoaren abiapuntua izan zen kondaira beraren moldaketa eta berridazketa. DBHko 2. mailako gazteek hartu zuten horren ardura, kontakizunak dituen alde baztertzaileak edota arrazistak desagerrarazteko. 4 ikasgelako kideek ekin zioten ariketari eta horien artean 15 izan ziren finalistak.

Horren ostean, 8 hautatu ziren argitaratzeko, bat paperean eta besteak euskarri digitalean. Zaraobe Institutuko kideek azaldu dute moldaketa sakona izan dela: “Bada Mariakako Fortun Faria izeneko emakume indartsua bilakatu duen ipuina, Fortunek Ainara izeneko arreba duen ipuina edo kondairako mairua dragoi bilakatu duena. Baina guztiek errespetatu dituzte Fortun pertsonaiari indarra ematen dioten babak eta txakolina (badira ikutu ezin diren detaileak!)”.

Gero, DBHko 1. mailakoek ipuinak ilustratzeari ekin zioten eta orain, esan bezala, liburua argitaratzeko prozesua azken fasean dago. Arabako Foru Aldundiko inprimategiak jaso bezain pronto argitaratuko dute.

Digitalki ere sortu dituzte kondairaren hainbat bertsio, Scratch programazio lengoaiaren bitartez. “Eskolako webgunean lotura bat sortuko dugu gure ipuin-bilduma ezagutarazteko. Dena den, beste bide batzuk ere topatzen saiatuko gara”, argitu dute institutuan.

Horrez gain, ikasleek historia, biologia, edota hizkuntzak landu dituzte euren jardueran eta ahalegin horren barruan beste bi mugarri daude.

Bi erraldoi sortzen ari dira, Mariakako kondairan oinarrituta

Erraldoiak

Alde batetik, bi erraldoi sortzen ari dira, Mariakako kondairan inspiratuta. Osagarriko, DBH 2.mailako Asmakuntzako eta Batxilergoko 1.mailako Industria Teknologiako gazteek eraiki dituzte, eta horretarako diseinatu ez ezik, proportzioak ere asmatu dituzte, kalkulu matematikoak baliatuta. Euren irudimena urrats bat aurrerago eraman dute eta atal artikulatuak izango dituzte Mariaka eta Mairua pertsonaiek.

Ikuskizuna

Horren guztiaren korolarioa izango da ekainaren 16an -bihar- Mariakan bertan eskainiko duten ikuskizuna, zeinean musika eta bestelako jarduerak uztartuko dituzten. K@ntu k@ntari diskoko bi abesti joko dituzte DBH 1. eta 2. mailetako ikasleek; Mariaka indartsua eta Txintxarrien barruan. Cristina Villar musikako irakasleak zuzenduko du Zaraobeko Orkestra Sinfonikoa.

Zehazki, hezkuntza zentroko arduradunek deskribatu dute egitarau osoa: "Lehen orduan Mariaka inguruko landaretza aztertuko dute, Biologia arloaren barruan, eta ondoren Zaraobe Orkestra Sinfonikoko kontzertua izango dugu. Orkestrak Txintxarrien barruan eta Mariaka indartsua joko ditu. Gainera, gaztelania mintegiak antolatuta, ikasle batzuek El Fuerte Mariaca olerkiaren (gaur eguneko hizkuntzara moldatu da) narrazio orala jorratuko dute. Guzti honi kolore emateko (kolorea baita proiektua bizia egiten duen ezaugarria) erraldoiak ekarriko ditugu".

Sormen lan hori guztia ez ahazteko, Zaraobe Institutuak dokumentala grabatuko du, egileen ahalegina aitortzeko.

Etorkizuna

Gainera, asmoa da ahaleginarekin jarraitzea: “Datorren ikasturtean proiektu honi jarraipena ematea da gure helburua. K@ntu K@ntari diskoan hainbat herriei buruzko abestiak, historia eta kondairak agertzen dira, eta denek daukate komunean zerbait: Aiaraldea. Eskualde hau egoera ekonomiko eta sozial nahasian murgilduta dago azkenaldian, eta hezkuntzan, behintzat, lankidetza bilatu nahi dugu. Hau dela eta, bailarako ikastetxeei elkarrekin proiektu kooperatibo bat garatzeko gonbidapena luzatzen diegu, komunikatzeko, elkarlanean aritzeko, partekatzeko edo, bestela esanda, Aiaraldeko hezkuntza-komunitate erakargarri baten parte izateko".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide