Gaur, ohiturari jarraiki, Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuak Gasteiz bisitatu du ikasturte amaierako ekitaldia egiteko. Hitzordua kontserbatorioan izan da eta Zabaleko Bizirik! plataformako hainbat kide bertaratu dira euskal eskola publikoa aldarrikatzeko. Lamuza Ikastetxeko gurasoak eta Amurrioko Gazte Asanbladako kideak ere agertu dira.
San Jose auzunean dagoen ikastetxea ez ixtea eskatzea izan da protestaren xedea. Plataformako kideek azaldu dute Bildarratzek ez dituela euren eskaerak erantzun eta uztailaren 12an izango dela bilera Amurrion Hezkuntza Sailaren eta ikastetxearen artean. Hala ere, bozeramaile batek salatu du batzarra Zabalekoko zuzendaritzarekin izango dela, eta ez Guraso Elkartearekin.
Horrez gain, amurrioarrak haserre agertu dira. Izan ere, Bildarratz, antza, Laudio Ikastolan egon da gaur goizean. "Hezkuntza sistema kontzertatuarekin batu da, baina euskal eskola publikoarekin ez", adierazi dute.