Herritarren parte hartzea ardatz, udal ekipamenduen diagnostikoa egingo du udalak, hobetzeko helburuarekin

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko eka. 17a, 06:30
Atzo egin zuten aurkezpena. / Aiaraldea.eus

Atzo eman zioten hasiera udal ekipamenduen plan zuzentzaileari, etxez etxe banatutako galdetegiarekin. Herritarren iritziak jaso eta azterketa teknikoa egin ostean, azpiegitura guzti horiek optimizatzeko proposamena diseinatuko dute.

Udal ekipamenduen plan zuzentzailea aurkeztu zuen atzo Amurrioko Udalak. Eraikin eta instalazioen egoera eta erabileraren azterketa burutu eta horiek optimizatzeko proposamen arriko dute mahai gainean. Udal, kirol eta kultura ekipamenduen eta adinekoei zuzendutako azpiegituren sare zabala du Amurriok, agerraldian azaldu zutenez. Hain zuzen ere, sare horren guztiaren erabilera eta egoera izango dira diagnostikoaren aztergai nagusiak.

"Elkarrekintzarako espazioak dira, leku inklusiboak izan behar dira, eta bertan, erabiltzaileen erosotasuna eta ongizatea ez ezik, beste irizpide batzuk ere hartu behar ditugu kontuan, hala nola irisgarritasuna, erosotasuna, autonomia eta segurtasuna edo balioaniztasuna", azaldu du Txerra Molinuevo alkateak.

Parte hartzea ardatz

Herritarren parte hartzea izango da diagnostikoaren ardatz nagusietako bat. Atzo bertan 14 galderaz osatutako galdetegia banatzeari ekin zioten Amurrioko auzokide guztien artean, bizilagunek udal-ekipamenduen balorazioa egin eta euren iritziak jasotzeko helburuarekin. Galdetegiak udaletxean, kultur etxean, udal liburutegian eta Bañueta kiroldegian utzi ahalko dira, uztailaren 6ra arte.

Internet bidez ere egongo da galdetegia betetzeko aukera, www.amurrio.eus atarian bertan. Gainera, ekainaren 25ean eta uztailaren 2an postua jarriko dute ostiraleko merkatuan, galdetegiak bete eta plan zuzentzailearen inguruko argibideak eskaintzeko.

Parte hartze prozesuarekin batera, azterketa teknikoa ere gauzatuko da. Udalak arkitekto talde bat osatuko du prozesu horretan, ekarpena egin dezan. 

Diagnostiko-faseari amaiera emateko, hiru saio sektorial aurreikusi dituzte uda sasoitik bueltan. Kultura, kirola eta asistentzia jorratuko dituzte. Herriko eragile zein norbanakoei zuzenduak egongo dira saioak. Behin ekarpen guztiak jasota, planaren erredakzioari helduko diote, eta berriz ere  teknikari, udal talde politiko eta herritarrekin landuko dute proposamena. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide