Asteburu arrakastatsua izan da Amurrioko Pilotazale Klubarentzat. Izan ere, atzo Arabako herrien arteko txapela irabazi zuen eta larunbatean klubeko neskak eta mutilak -lehiaketa mistoa da- txapeldunordeak izan ziren gomazko palan Araban.
Larunbateko partidei dagokienez, Gasteiz izan zen irabazle, eta amurrioarrek nabarmendu dute hiriburuko jokalariek euren esperientzia baliatu izan zutela horretarako.
Araba Euskarazen finala
Eskupilotan, ordea, atzo izan zen finala. Laudioko Lamuza parkean hasi ziren partidak baina, euriaren ondorioz, Aretara jo zuten, bertan jarraitzeko. Aiaraldeko derbia errepikatu zen, iaz bezala, eta emaitzak ere antzekoak izan ziren, Amurrioko taldea gailendu baitzen.
Hala ere, nekez eskuratu zuten garaipena. Alegia, kadeteen eta gazteen artean, emaitza oso estua izan zen, 22-21, eta seniorren artean lortu zuten amurrioarrek soilik abantaila handiagoa, 22-12 irabazita.
Poztasuna nagusi
Emaitzak oso ezberdinak izan baziren ere, pozik daude Pilotazale klubekoak zein Herriaren Pilota Elkarteko arduradunak. Esaterako, amurrioarrak alai daude atzoko txapelarekin, baina baita larunbateko emaitzekin ere.
Aitor Gaviñak azaldu du belaunaldi berriek lehiatzeko gaitasuna erakutsi dutela, nahiz eta Iker Larrazabalek kluba utzi. Palan ere gustura daude, etorkizuneko kirolariak baitituzte. Azkenik, Herriaren jokalarien kalitatea aitortu dute: "potentzial handiko gazteak dituzte".
Herriaren Pilota Elkartea; zapore gazi-gozoa
Asier Amondo Herriaren Pilota Elkarteko kideak onartu du emaitzen aldetik txarto joan zela atzoko eguna: "Hirugarren aldiz jarraian galdu dugu finala". Hala ere, pozik egoteko arrazoi ugari egon zirela azaldu du: "Bagenekien zaila izango zela, eta azkenean txanpona euren alde erori zen, markagailuak oso estuak izan baitziren. Gauza handiena izan zen publikoaren itzulera. Ikusgarriagoa da pilota publikoarekin eta 100 lagun baino gehiago egon ziren partidak ikusten, bai Lamuzan zein Aretan".