ARGAZKI ERREPORTAJEA

Argazkilari gazteak argiaren sekretuen bila

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko eka. 26a, 08:00

Amurrioko Kultur Etxeko sormen bisuala tailerreko ikasleek argazkilaritza teknika desberdinak ikasi eta praktikan jarri dituzte azken ikasturetan zehar.

Success, Uxue, June, Josu, Izar, Xabi, Jon eta Izaro dira. Ikasturte osoa igaro dute Maied Urrutia amurrioarrarekin batera argazkigintzan sakontzen, Kultur Etxean egin duten ikastaroan. “Sormen bisuala” da ikastaroaren izena; izan ere, kameraren aspektu teknikoak ezagutzeaz gain irudimena aireratzen utzi eta argiarekin jolasten eta artelanak sortzen aritu dira.

“Ikastaroaren hasieran powerpoint bidez kameraren parteei eta argiari buruzko teoria klaseak jaso genituen” azaldu du Successek, argiaren portaera ulertzea ezinbestekoa baita hau kamera batekin ehizatu eta nahieran manipulatzeko. Ezin hobeto ezagutzen dituzte orain “argia harrapatzeko” tramankuluaren gorputzeko atalak eta honen mekanismoak, Xabik banan banan aletu dizkigu: “Argia objektibotik sartu egiten da eta diafragmak argi kantitatea erregulatzen du. Horren ostean obturadore izeneko pertsiana bat dago, zabaldu eta itxi egiten dena, eta argiari pasatzen uzten diona.

Inolako zalantzarik gabe, ondo ikasi dituzte printzipio teoriko horiek guztiak, eta talentu handiz  jarri dute barneratutakoa praktikan. Orotariko ariketak aurkeztu dizkie Maiedek horretarako.

Ligth painting-a da Izarori gehien gustatu zaiona. Obturadorearen abiadura txikituta, ilunpean linterna batekin egindako irudiak harrapatu ditzake kamerak. Airean idatzita agertzen diren hitzak edo forma arraroak dira horren azken emaitza.

Jonek, aldiz, collageak egitea izan du gogokoen. Eurak ateratako argazkiak baliatu dituzte horretarako. Inprimatu, moztu eta gainetik margotu dituzte. Bestelako teknikak ere baliatu dituzte argazkiak manipulatzeko: argazki baten gainean beste argazki bat ateratzea esaterako. “Gure buruari egindako irudien gainean lumak eta bestelako objektuak jarri ditugu eta munstro forma hartu dugu”.

Erakusketa

Ikasturtean landutako guztia borobiltzeko Kultur Etxeko sortzaileek iragan maiatzaren 30ean erakusketan parte hartu zuten zortzi argazkilari gazteek, Amurrioko San Anton plazan. Lanek oso harrera ona izan zutela nabarmendu dute “jendeari asko gustatu zaizkie gure argazkiak”.

Zita hori baliatu zuten ere azken hilabetean landu duten laburmetraia aurkezteko. Beldurrezko film laburra grabatu eta muntatu dute, eta, nola ez, argazkilaritza izna da gai nagusia. Kamera baten barruan harrapatuta geratzen zen neska baten istorioa kontatu dute. Beldurrezko filma laburra bazen ere, grabatzen oso ondo pasatu dutela aitortu dute: “Hanka-sartze barregarri asko filmatu ditugu”. Esteka honetan ikus daiteke pelikula osorik.

Hastapen ikastaroa izan da, baina asko ikasi eta landu dute, eta datorren ikasturtean errepikatzeko gogoz daude. Ikastaroaren gidaria izan den Maied Urrutia ere oso pozik azaldu da taldean egondako giroarekin. Irailetik aurrera, gainera, bestelako proiektuetan  murgildu, eta helduentzako argazkilaritza ikastaroak eskaintzen hasiko da Urrutia Burubio Kultur Elkartean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide