Selektibitate froga egin zenuen hilabete hasieran, zelan joan da?
Ondo atera zait, matematika zen nire bigarren aukera eta nota altua eskatzen zuten, 12,5. Azkenean 12,63 atera dut, ez nuen espero egia esan. Datorren urtean, hala ere, Mondragon Unibertsitatean diseinu industrialeko gradua ikasiko dut.
Presioa handia da?
Nik uste ikasleok DBHko 4. mailatik jasotzen dugula selektibitatearekiko presioa. Batxilergoko ikasketa guzti guztiak azterketa bakar bat prestatzera bideratzen dira, hori da helburu bakarra. Presioa hain da handia, oso gogorra da! Selektibitateko azterketa da bi urteetako ikasketa prozesuaren helburu bakarra; azterketa on bat egiten baduzu ondo, baina azken frogan huts egiten baduzu izugarria da frustrazio sentsazioa. Batxilergoko bide horretan ezer gutxi ikasten ari nintzela sentitu izan dut: azterketa bateko ariketak nola egiten diren ulertzea ez da ikastea.
Ebaluazio sistema hori egokia dela uste duzu?
Ez, inondik inora. Kalifikazio baten arabera ebaluatzen gaituzte, zenbaki bat. Nola laburbildu daiteke urteetako ikasketa prozesua eta bertan garatutakoa zenbaki bakar batean? Gutxieneko nota horrek, gainera, zure etorkizuneko ikasketak baldintzatuko ditu erabat, ez bazara kalifikazio batera iristen ezin duzu nahi duzun hori ikasi, hori bidezkoa da? Nik uste ezetz. Jendeak aukera izan beharko luke nahi duena ikasteko.
Hezkuntza sistemak, COVID-19ak... indibidualismora garamatzate, baina kolektiboki bakarrik egin dezakegu aurrera.
Nola egiten zaio aurre horri?
Lehendabizi kontzientzia hartzea, eta bigarrenik zure burua ondo antolatzea. Gaitegi oso zabala hartzen du unibertsitatean sartzeko frogak, ariketak nola egiten diren irakasten digute, ez ordea nola ikasi behar den. Eta hori ez da ikastea.
Nola bizi izan dituzu azken hilabete hauek?
Oso luzeak egin zaizkit azken hilabeteak. Gainera ikasketa prozesu zail hau koronabirusaren pandemiarekin nahastu zaigu, eta are gehiago korapilatu du guztia. Disfrutatzeko sasoian gaude batxilergoa amaitu dugulako, baina ezinezkoa zaigu. Hamaika egutegi egin ditut nire burua ordenatu eta egunez egun zer egin behar nuen argi izateko. Egunero 4 ordu ematen nituen ikasten, goiz eta arratsaldez.
Pandemiak ikasketa prozesuan eragin zuzena izango zuen ere.
Bai, erabat. Liburutegian ia ez dago ikasteko tokirik, eta gainera bakarrik egin beharra dago. Amurrioko Gaztetxean badago ikasteko espazioa, baina baliabide gehiago behar ditugu herrian.
Lagunen artean elkar lagundu duzue?
Modu erabat indibidualean ikastera behartzen gaituzte, baina argi daukat askoz aberasgarriagoa dela lagunekin eta klasekideekin ikastea. Zalantzak konpartitu eta guztion artean arazoei aurre egiteko gaitasuna biderkatu egiten da. Ez gaituzte taldean lan egin eta ikasteko prestatzen, eta hori funtsezkoa dela deritzot. Ikasteko bakarrik ez, elkar babesteko eta zaintzeko ere oso batuta egon gara. Egunero, ikasten bukatutakoan, ordu batzuk ematen genituen elkarrekin, ikasketez ahaztu eta gure buruei tarte bat eskaintzeko.
Hezkuntza sistemak, COVID-19ak... indibidualismora garamatzate, baina kolektiboki bakarrik egin dezakegu aurrera.