Zabaleko, eskola baino gehiago, kultuartekotasun eta ahalduntze puntua

Aitor Aspuru Saez 2021ko uzt. 6a, 12:00

Zabaleko ikastetxeko gaztelania klaseetako ikasleak. / Aiaraldea.eus

Helduentzako Ikastetxe Publikoak eta Zabaleko Eskola Publikoak elkarlanari ekin diote ikasturte honetan, guraso talde batek, gehienbat amek, gaztelania ikas dezaten.

Amaiera gorabeheratsua izan duen ikasturte honek ezuste positiboak ere utzi ditu Zabaleko Eskola Publikoan, adingabeak ez ezik, helduak ere batu baitira ikastetxera. Alegia, guraso talde batek gela hartu du ikasturte honetan lau egunez astero, 15:00etatik 16:30ak arte, gaztelania ikasteko. Helduntzako Ikastetxe Publikoaren eta Zabaleko Eskola Publikoaren elkarlanaren ondorioa izan da egitasmoa.

Ikasleak batzeko Zabalekoko zuzendariak proposatu zien batzuei, eta ezagunen artean zabaldu zuten iniziatiba. Berez, emakumezkoak ziren ikasle guztiak, salbu gizonezko bat.

Herri ezberdinak

Euren izenek adierazten duten moduan, (Fatimatou Berrich, Najat Boucetta, Aichattou Cmicha, Zahra Jabar, Milica Stoicu, Mina Tachellait, Melha Mekkioui...) ikasleak jatorri ezberdinekoak izan dira; Maroko, Aljeria edo Errumaniakoa, eta oso ondo moldatu dira elkarrekin eta, bereziki, ahozko gaitasunak landu dituzte.

Eurentzat garrantzitsua da gaztelania ikastea, gutxieneko komunikazioa izateko herrian. "Asko hobetu dugu", azaldu du Fatimak. "Orain errazagoa zaigu kalera ateratzea eta hitz egiteko saiakera egitea", erantsi du Melhak.

Irakasleak gehitu du emakumezkoek serio hartu dutela erronka ez bakarrik eurengatik, baizik eta euren seme-alabak lagundu nahi dituztelako. 

Gaztelania hutsaz gain, teknologia berriak ere jorratu dituzte eta ohiko klase teorikoak eman dituzte, jakina.

Eskulanak, ikasteko bidea

Ikasteko eta euren gaitasunak lantzeko, emakume taldeak eredu ezberdinak eta berriak probatu zituen. Esaterako, eskulanen bidez mintzatzeko trebezia garatu zuten. "Milikak loreontziak nola egiten diren erakutsi zigun" adierazi du Fatimak.

Hortik beste ideia sortu zen; oparia egitea ikasle eta irakasle orori. Gauzak horrela, 125 koaderno prestatu zituzten. "Adin bakoitzak gustu ezberdinak ditu, hortaz, ez ziren guztiak berdinak" aipatu du Nerek. Horrez gain, azken orduko aldarrikapena gehitu zuten koaderno guztietan. "Zabaleko ixteko arriskuan dagoenez, Zabaleko Bizirik! plataformaren logoa itsatsi genuen ale guztietan. Zabaleko ikastetxe txikia da eta guretzat familia baten modukoa" azaldu du Melhak. Ikasturte amaieran, jairik ez zenez egon, gutxienez ekitaldia antolatu zuten koadernoak oparitzeko eta jendaurrean hartu zuten hitza.

Ahalduntze eskola

Zabaleko izan da emakume hauen topagunea zaintza lanak eta ikasketak uztartzeko. "Ordu berean sartzen gara umeak eta amak eta horrela bateragarria da ikastea" nabarmendu du Melhak.Gehienek aurretik ikasi zuten Helduentzako Ikastetxean, baina gertu izateak erraztu die lana. Horregatik, hurrengo ikasturtean jarraitzeaz gain, pertsona gehiago batu nahi dituzte proiektura. Askok uste dute aurrera eginez gero, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza gainditzea izango litzatekeela bere helburua etorkizunean.Kulturartekotasunerako eremu bikaina bilakatu da ere gela. Nere Nuñez irakasleak haka aitortu du: "Eurekin egoteak mundu berria ireki dit. Jende izugarria ezagutu dut, aurreiritziak apurtzen dituena. Onena da errespetua dela nagusi hemen. Erlijio eta jatorri anitz daude, baina inork ez dio inori ezer inposatzen eta dena errespetatzen da".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide