Urte asko eman dituzu Eibarren. Nolakoa izan da esperientzia?
Oso ona. Aintzat hartu beharra dago Eibar entrenatzeko sinatu genuenean, ez genekiela lehen edo bigarren mailan arituko ginen. Berez, taldeak kategoria galdu zuen aurreko denboraldian, baina Elchek arazo ekonomikoak zituen. Zalantza ugari genituen eta azkenean lehen mailan jokatu genuen. Oso azkar osatu genuen taldea eta zaila izan zen. Jokalari pilorekin hitz egin genuen eta batzuek esan ziguten nahiago zutela Deportivo de La Coruña edo Rayo Vallecano taldeetara joatea, lehen mailako izaera gehiago ikusten zietelako. Erakargarriagoa zen eurentzat hori, Eibar baino.
Hala ere, azkenean talde polita egin genuen eta giroa bikaina zen aldagelan. Zorte on apur bat ere izan genuen, Escalante etorri zen, edo Keko. Ez ziren ezagunak, baina sekulako emaitzak eman zituzten. Denboraldi polita egin genuen.
Hurrengo bi denboraldiak errazagoak izan ziren. Bagenuen izena lehen mailan eta jokalariek entzuten zuten gure proiektuari buruz esan behar geniena. Azken denboraldia zaila izan da, uste baitut ez genuela asmatu fitxaketa batzuekin. Azkenean Pozo bezalako jokalariak etorri ziren, baina berandu. Pablo de Blasis edo Orellana bezalako jokalariak ordezkatzea errazagoa izango zela pentsatu genuen hasieran, baina etorri zen jendea ez zen moldatu.
Ikusten zen irailean taldea ez zegoela ondo osatuta. Hala ere saiakera egin dugu. Ez da denboraldi ona izan, nahiz eta amaieran makillatu apur bat, oso txarra izan da.
"Ondareak ematen du aukera jokalariak ekartzeko. Nik hori txarto ikusten dut, talde pilo baitaude diru barik, baina jabetzak dituztenez, jokalariak fitxatu ditzakete"
Egoera hori, nolabait, kontraesanean dago futbol profesionalaren inguruan dagoen irudiarekin, ezta?
Bai, lehenengo denboraldia horrelakoa izan zen. Jende gaztea etorri zen, Eibar izateko euren taldea salto egiteko beste talde handiago batera. Borja Bastón, Dani García, Keko, Capa... Gero Newcastle edo Athleticen jokatu dute. Diruari dagokionez, La Ligak jartzen du muga Fair Play finantzarioaren bitartez. Berez, Eibar klubak badauka dirua, baina ezin du gastatu ez duelako ondarerik. Ezin ditu jokalariak fitxatu, Ligak jartzen duelako muga.
Ondareak ematen du aukera jokalariak ekartzeko. Nik hori txarto ikusten dut, talde pilo baitaude diru barik, baina jabetzak dituztenez, jokalariak fitxatu ditzakete. Atletico de Madrid, Real Madrid, Barcelona... Talde horiek egoera horretan daude, baita historiko batzuk ere, Deportivo de La Coruña, esaterako. Ez dute dirurik baina bai Riazor edo entrenatzeko kirol azpiegiturak.
Hori Eibarrentzat oso kaltegarria izan da eta horregatik inbertitu du dirua kirol hiria egiten. Duela 6 urte zegoenarekin alderatuta, izugarri aldatu da. Ipurua hobetu dute, eta orain talde profesionala da. Hasieran aldagelak ez zeuden ondo, eta aurreko denboraldian, Garitanorekin, Iurretan edota Ondarrun entrenatu behar zuten. Orain aurrerapausoa eman dute.
Nola bukatu zenuen Jose Luis Mendilibarren bigarren entrenatzaile lanak egiten?
Nik Alemanian bukatu nuen nire ibilbidea jokalari gisa eta nire asmoa zen futbol profesionalaren barruan jarraitzea. Kasualitatez egin nuen fitxajea han nengoelarik. Valladoliden jokatu nuenez, bere kirol zuzendariak, Marcosek, deitu ninduen, eskuin hegaleko jokalaria behar baitzuten. Iradoki nien Patrick Ebert fitxatzea, libre zegoelako. Kriston jokalaria iruditu zitzaien. Harreman hori nuenez, Alemaniako jokalari ordezkari batek deitu ninduen eta berarekin hasi nintzen lanean. Orduan amaitu nuen jokalari moduan eta gero Promosportekin ere aritu nintzen.
Mendilibar Levante entrenatzen hasi zen orduan eta bere jokalaria izan nintzenez hiru urtez Valladoliden, proposatu zidan bigarren entrenatzailea izatea. Levanten lau hilabete baino ez ginen egon, baina Eibarrera berarekin joan nintzen.
Zuek jarraitu nahi zenuten Eibarren nahiz eta bigarren mailara jaitsi?
Bai, Mendilibar zonaldekoa da, Zaldibarrekoa, eta gustura dago. Hiria ez da polita, baina bizitza handia dauka. Jokalariek ere Mendilibar zuten aita moduan, pisu handia zuen. Hori oso zaila da, leku gehienetan jokalariek agintzen dute. Nik ulertzen dut, dena den, jaitsi ostean, bestelako proiektua behar duela taldeak.
Zein izan da unerik goxoena zuretzat?
Une puntual bat hautatu behar izanez gero, gure lehenengo partida Los Carmenes Granadaren aurka. 1-3 irabazi genuen eta taldea abiadura bizian osatu eta gero bigarren mailako hainbat jokalarirekin, lasaitasuna heldu zen, ondorioztatu baikenuen ondo jokatuko genuela.