Noiz etorri zinen Amurriora bizitzera?
Nire ama Jaengoa da, Aita Amurriokoa. Askotan joan izan naiz bertara oporretan. Duela bi urte, ordea, Osakidetzan erizain lanpostua lortu nuen eta bizitzera etortzea erabaki nuen.
Aurretik, unibertsitate garaian, ikasturte bat eman nuen Euskal Herrian ikasten ere, lanean hasi nintzenean dagoeneko ezagutzen nuen hemengo osasun sistemaren funtzionamendua.
Euskara ikastea erabaki zenuen lanera etorri zinenean, zerk bultzatuta?
Asko erakartzen nau euskarak, oso atsegina zait hizkuntza. Gainera ez zait gustatzen jendeak euskaraz egin nahi izatea eta nik ezin ulertzea, frustrantea zait.
Horretaz gain lanerako ere baliagarria zitzaidan. Osakidetzan lan egiteko nahitaezkoa ez den arren, baloratu egiten da euskararen ezagutza, eta pazienteekin nahi duten hizkuntzan egin dezaket.
Euskal Telebistan Sevillako aurkezle bat azaltzen zen euskaraz hitz egiten, eta oso ondo moldatzen zen. Horrek asko motibatu ninduen euskara ikasteko.
Amurrioko euskaltegira jo zenuen horretarako.
Bai. Mundu guztiak esaten zidan oso zaila zela, ez nuela ikasiko, baina gezurra dela demostratu dut. Iniziatibarekin erraz ikas daiteke. Asko dut hobetzeko oraindik, baina ia gehiena ondo ulertzeko gai naiz.
Asko disfrutatu dut ikasten, hori euskaltegiko irakasleei zor diet nagusiki: euskara irakasteaz gain euskararekiko eta euskal kulturarekiko maitasuna ere transmititu digutelako. Alferrikakoa da hizkuntza bat jakitea hau maitatzen ez baduzu. Aurreiritzi asko daude Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo euskararekiko eta euskal kulturarekiko. Etengabe nabil aurreiritzi horiek gezurtatzen, andaluziar kulturarekiko dauden aurreiritziekin bezala.
Zertan dira antzekoak andaluziar eta euskal kulturak?
Oro har jendea oso atsegina dela uste dut, bai Euskal Herrian baita Andaluzian ere, eta lurrarekiko maitasuna oso handia da bi kulturetan. Besoak zabalik dituzten bi herri dira.
Osakidetzan lanean zinela, asko erabili duzu euskara?
Bai! Paziente askorekin egiten nuen euskaraz, eta eurek asko eskertzen zuten nire ahalegina. Hasierako esaldiak euskaraz egiten nituen beti. Asko ikasi dut horri esker. Lekeitioko paziente bat izan nuen behin, ez zekien gaztelaniaz hitz egiten, eta bere alabaren laguntzarekin batera joan nintzen berarekin euskara hutsezko harremana egiten. Berarekin ikasi nuen adibidez odola nola esaten den.
Euskara ikasten jarraituko duzu?
Ekainean Jaenera bueltatu egin nintzen Osakidetzako kontratua amaitu zitzaidalako. Hilabete barru Malagan hasiko naiz lanean baina euskara ikasten jarraitzeko asmoa daukat, argi eta garbi.Aitziberrek, euskaltegiko irakasleak, ikasten jarraitzeko materiala oparitu zidan, eta euskaltegiko lagunak prest daude nirekin batera mintzamena lantzeko.