"EZ UTZI SUA ITZALTZEN" DINAMIKA

“Kaleak eta parkea berriz hartzeko deia” luzatu diete Amurrioko gazteei

Txabi Alvarado Bañares 2021ko uzt. 9a, 22:28
Udaletxearen aurrean egin dute agerraldia.

Hainbat ekintza egingo dituzte datorren asteko asteartean, “Ez utzi sua itzaltzen” lemapean: mahaingurua, futbito txapelketa, mikro irekia eta manifestazio musikatua. 

Kaleak eta parkea berriz hartzeko deia luzatu dute Amurrioko hainbat gaztek. Agerraldia egin dute horretarako gaur arratsaldean, udaletxearen aurrean. 

Herriko gazteek azken hilabeteetan pairatutako kriminalizazioa salatu dute ekitaldian: “Gazteak gara pandemiaren errudun bezala seinalatuak izan garenak; (...) parkean eta pipak jaten etorkizuneko ametsak partekatzen ditugunak, dena egiteke dugula sinetsita gaudenak. Poliziaren aurretik lasterketetan ibili garen gazteak, parkean argi urdinak sartu diren bakoitzean”. 

Horren aurrean, Amurrioko gazteriak belaunaldiz belaunaldi eginiko lana goraipatu dute, “bestelako jai ereduak aurrera eraman eta gauza handiak antolatzeko” gai izan direla nabarmenduta. “ Bazkari herrikoiak, gazteon arteko txapelketak, gazte sortzaileentzako espazioak… Aisialdirako zein borrokarako espazio gazte eta errebeldeak”. 

Pandemiaren aitzakipean “hegoak moztu” nahi izan dizkietela salatu dute, eta gaineratu dute “kontrola eta presentzia poliziala” nabarmen handitu direla, “gazteok parketik eta kaleetatik bota nahi izan gaituzten punturaino”. 

Uztailaren 14ko egitaraua

Horren guztiaren aurrean, “kaleak eta parkea” gazteenak direla aldarrikatu dute, eta dinamika bat aurkeztu dute, espazio horiek berreskuratzeko. 

Hainbat ekintza prestatu dituzte datorren uztailaren 14rako. Mahaingurua, futbito txapelketa, mikro irekia eta manifestazio musikatua egingo dituzte arratsaldeko lauretatik aurrera. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide