Amukatuk salatu du bere egoitzaren atean lau katakume utzi dituztela plastikozko poltsa batean

Aitor Aspuru Saez 2021ko uzt. 13a, 07:00

Plastikozko poltsa batean lagatutako 4 katakumeak. / Amukatu elkartea

Katuen ongizatea bermatzeko lan egiten duen elkarteak adierazi du egoera fisiko txarrean aurkitu dituztela animaliak.

Larunbatean Amukatu elkarteak ezustea topatu zuen bere egoitzaren atean. Izan ere, norbaitek lau katakume laga zituen plastikozko poltsa baten barruan. Elkarteko boluntario batek, Belen Diegok, azaldu du 8 edo 9 egun dituztela animaliek: "Ez dakigu noiz utzi zituzten eta auskalo zenbat denbora egon ziren horrela eguzkipean. Uste dugu hiruk salbatzeko aukera dutela, baina beste bat oso txarto dago".

Elkarteak salatu du egilearen arduragabetasuna zentzu ugaritan. Alde batetik, katuak egoera horretan uzteagatik. Baina, bereziki, katakumeak nahi ez izanez gero, norberaren animalia esterilizatu behar delako. "Hau egin duena egoera berean egongo da bi hilabete barru bere katuari ez badio ugaltzeko gaitasuna kentzen", argitu du Belen Diegok.

Boluntarioen esku

Une hauetan lau katakumeak Laudion daude, elkarteko boluntario batzuen esku. "Animalien ardura ez da samurra. Esnea hartzen dutenez, lau orduro eman behar zaie. Zorionez, bikote batek hartu ditu bere gain eta txandakatzen ari dira elikatzeko. Edonola ere, garai hauetan lanez gainezka gaude eta lan handia izan da norbait topatzea, babeslekuan ez baitugu tokirik", argitu du elkarteko kideak.

Egilearen bila

Katuak horrela laga dituenaren bila ari dira Amukatun. Berez, egoitzaren sarreran kamarak dituzte eta grabazioak berrikusiko dituzte, jakiteko ea identifikatu dezaketen animaliak horrela utzi dituena. Halaber, norbaitek informazioa izanez gero, eurekin harremanetan jar daiteke, amukatu@gmail.com helbidera idatzita. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide