Amurrioko Gizarte Segurantzako bulegoa irekita mantentzea eskatu du EH Bilduk

Txabi Alvarado Bañares 2021ko uzt. 20a, 09:48

Urtebete baino gehiago darama bulegoak itxita. / EH Bildu Amurrio

Mozioa aurkeztu du talde politikoak udalean, gaiaz eztabaidatzeko. 

Amurrioko Gizarte Segurantzako bulegoari eustea eskatu du EH Bilduk prentsa ohar baten bidez. Talde politikoak mozio bat erregistratu du udalean aldarri horrekin, gaia plenoan landu dadin.

Talde politikoak nabarmendu du zerbitzu horrek hainbat izapide egiteko aukera ematen ziela Amurrioko bizilagunei,  “Laudiora edo beste herri batzuetara joan beharrik gabe”. Urtebete baino gehiago darama bulegoak itxita, eta behin betiko itxiera ekidin nahi du koalizioak. “Espainiako Gobernuko Gizarteratzeko, Gizarte Segurantzako eta Migrazioetako Ministerioak emandako azken datuen arabera, Araban dauden bederatzi bulegoetatik bost desagertzeko arriskuan daude”. 

Zerbitzuen murrizketa orokortuen testuinguruan kokatu du EH Bilduk bulegoaren itxiera. “Zerbitzu publikoetako arreta-ordutegiak murriztu dira, banku-sukurtsalak itxi dira eta, orain, beste bulego publiko batzuk ere kendu dira, hala nola Gizarte Segurantzakoak, Laguardian”. 

Bi gauza aldarri nagusi barnebiltzen ditu mozioak: bulegoa irekita mantentzea eskatzen dio Espainiako gobernuari. Eusko Jaurlaritzari, aldiz, zerbitzua indartzeko konpromisoa eskatu dio EH Bilduk, “Gizarte Segurantzaren sistemaren erabateko eskumena bere gain hartu bezain laster”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide