Landako auzoa urbanizatzeko eta kiroldegia eraberritzeko diru-laguntza eskatu dio Amurrioko Udalak Foru Aldundiari

Txabi Alvarado Bañares 2021ko uzt. 23a, 16:36
Bañueta kiroldegia eraberritzeko dirua eskatu du udalak.

2,8 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusi du udalak. EH Bilduren ustez, kultur azpiegiturak hobetzeko laguntzak ere eskatu beharko lirateke. 

Bi proiektu aurkeztu ditu Amurrioko Udalak Arabako Foru Aldundiaren Obra eta Zerbitzuen Foru Planaren 2022-2023 Programara: Landako auzoaren urbanizazioa eta kiroldegiaren eraberritzea. 

Lehen proiektuaren bidez, Landakon berdegune gehiago jartzea eta zonaldea irisgarriagoa bilakatzea nahi dute, oinezkoak “protagonista” bilakatuz. Hala azaldu du Txerra Molinuevok.  “Behin betiko proiektua auzotarrek diseinatuko dute auzoko batzarretan”, zehaztu du alkateak. Dena den, proiektuak honako jarduera hauek barnebiltzea aurreikusi dute: ingurua berriz urbanizatzea, hornidura-azpiegiturak atontzea, hondakin-uren saneamendua, euri-uren saneamendua, elektrizitate, argiteria publiko eta telefonia azpiegiturak lurperatzea eta kaleak zolatzea. 1.206.810 euroko aurrekontua izango luke egitasmoak. 

Bigarren proiektuak, aldiz, Bañueta kiroldegiaren barrualdea eraberritzea eta espazioa banaketa berria egitea ahalbidetuko luke.  “Proiektu horrek espazio berriak sortu nahi ditu kirol-instalazioan, herritarrek hautemandako beharrei erantzuteko, ikasgelak edo itxaroteko edo atseden hartzeko topalekuak, besteak beste”. Kiroldegian dauden klub eta elkarteen lokalak ere hobetuko lirateke, guztira 1.604.278 euro baliatuta. 

EH Bilduren kritika

EH Bilduk, bere aldetik, oharra plazaratu du proiektuen gaineko iritzia emateko. Oposizioko taldearen ustez, udalerriko kultur azpiegiturak hobetzeko dirua ere eskatu beharko litzateke. 

EH Bilduk begi onez ikusi du kiroldegiko lanak egitea, baina Kultura Etxea eta Udal Liburutegia ere eraberritu beharko liratekeela uste du. 

"Aurrekontu oso altuak dituzten proiektuez ari gara, gure udalerrirako oso beharrezkoak diren azpiegiturak finantzatzeko balio dutenak, baina erabakia hartuta zegoenean jakin dugu”, azaldu du Jon Berganza Urruela zinegotziak, “hilabete baino gehiago da Udal Gobernuari prest gaudela Lan eta Zerbitzuen Foru Planarekin finantzatu beharreko proiektuen aukeraketan ekarpenak egiteko, baina, beste behin ere, gobernu taldeak bizkarra eman dio oposizioari”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide