ARITZ ARBERAS

"Anbizio handiko helburuak genituen aurten Tourrean, baina baita talde indartsua ere"

Aitor Aspuru Saez 2021ko uzt. 27a, 06:30

Bahrein taldeko prestatzaile fisikoa da Aritz Arberas. / Aiaraldea.eus

ARITZ ARBERAS (Amurrio, 1986) Bahrein taldeko prestatzaile fisikoa da eta Tour bikaina izan du aurten, nahiz eta Gendarmeriak euren hotelean eginiko miaketak irabazitako 3 etapak eta lorpenak apur bat ilundu dituen. 

Zein da zuen balorazioa Tourrari buruz?

Balorazioa hamarrekoa da. Helburu asko jarri genituen: txirrindulari bat izatea lehen 10 sailkatuen artean, mendiko maillota eskuratzea, etapak irabaztea... maillot berdea ere nahi genuen eta talde onena izatea sailkapenean.

Horiek ziren managerrak jarritako helburuak. Anbizio handikoak ziren, baina pixkanaka garaipena lortu genuen 3 etapetan, Peio Bilbao 9. izan da eta talde onena ere izan gara. Mendiko mailloteko sailkapenean 2. geratu gara eta puntukakoan, aldiz, hirugarren. 

Politena izan da taldekako lehen postua. Parisen talde osoa igo baitzen podiumera.

Benetan espero zenuten hori guztia lortzea?

Esan bezala, helburuak anbizio handikoak ziren eta zailak benetan. Baina, aldi berean, bagenekien talde potentea genuela. Helburua horren adierazpena da.

Arantzaren bat geratu zaizue, hala ere?

Bai, mendiko maillotarena. Wout Poels 2. izan zen. Bikain egon zen Tour osoan, puntuak lortzen, ihesaldi guztietan parte hartzen...

Dena den, azken mendi blokean, Pirinioetan, mendiko helmugek bikoitza puntuatzen zuten. Pogaçarek biak eskuratu zituenez, berarentzat izan zen maillota.

Beste arantza izan zen Jack Haigen erorikoa 3. etapan. Oso sasoian zegoen eta lasterketa utzi behar izan zuen, lepauztaia hautsi ostean.

"Gakoa izan da txirrindularien artean lana oso ondo banatzea eta norberaren ezaugarrien arabera etapa bat edo bestea aukeratzea"

Zein izan da arrakastaren gakoa?

Txirrindularien artean lana oso ondo banatzea eta norberaren ezaugarrien arabera etapa bat edo bestea aukeratzea. Taldekako sailkapena egiten da talde bakoitzeko eta etapa bakoitzeko lehenengo hiru sailkatuekin. Denbora gutxien pilatzen duen taldea da irabazlea.

Guk izendatu genituen txirrindulari batzuk edo besteak ihesaldi moten arabera. Hori zen euren lana. Egunero eskatu genien buruan izatea taldekako saria lortzeko hirugarren taldekidea sakatu behar zela helmugan denbora ona izateko.

Izen propio batzuk izan dituzue Tourrean, zer goraipatuko zenuke?

NIre ustez talde osoa egon da sasoi oso onean. Peio Bilbao egon da borrokan 9. postua lortzeko.Marco Hallerek eta Fred Wrightek Sonny Colbrelliri laguntzen zioten sprintetan eta ihesaldietan sartzen.

Fred Wrighten lehenengo Tourra izan da eta oso indartsu ibili da. Talentua duela erakutsi du. Matej Mohoric maila oso onean izan dugu ere eta bi etapa irabazi ditu, gauza oso zaila dena Tour berean.

Dylan Teuns sasoiaren aldetik motz heldu zen, baina erakutsi zuen maila igo zuela eta oso ondo egon da, baita Poels ere, mendiko maillota borrokatzen.

Tamalez, albiste txarrak ere izan dituzue. Gendarmeriak zuen hotela miatu zuen. Nola bizi izan zenuten?

Egoera guztiz berria izan da taldearentzat. Inork ez zuen horrelako egoerarik bizi eta txirrindularitzan igaro behar dugun egoera da. Iragan iluna daukagu dopajea dela medio, eta taldeak beti lagunduko du doppingaren kontra.

Gendarmeriak erabaki zuen guri miaketa egitea eta nahiz eta gure intimitatea eta, eguneroko errutina apurtu (gaueko ordubiak arte egon baikinenn eurekin gora eta behera), ahalik eta hoberen lagundu genuen. Espero dugu etorkizunean horrelakoak berriro ez izatea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide