Amurrioko PSE-EE, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren alde

Txabi Alvarado Bañares 2021ko uzt. 29a, 10:24

David Romero zinegotzia, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Etxebizitza publikoaren alorrean eginiko lana goraipatu du batez ere David Romero zinegotziak. 

Prentsa oharra plazaratu du Amurrioko PSE-EEk iragartzeko gaur arratsaldeko plenoan Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) behin behineko onarpenaren alde egingo duela. Dokumentu “estrategikoa” dela uste du David Romerok, “balio sozial eta politiko handikoa”. Planaren zirriborroa lan askoren emaitza dela nabarmendu du zinegotzi sozialistak. “Bizitzeko erakargarriagoa izango den udalerri bat diseinatzen ari gara, enplegu aukerekin, pertsonentzako diseinatutako hirigintzarekin eta etxebizitzara sarbidea errazteko ekintzekin”. 

Romerok nabarmendu du planaren zirriborroak aukera ematen duela Amurriok hirigintza aldetik bizi duen errealitatea ezagutzeko, eta gabeziak detektatzeko balio duela horrek.

Horrez gain, dokumentuak aintzat hartzen ditu Eusko Jaurlaritzatik garatzen ari diren etxebizitza politikak, PSE-EEk kontrolatzen duen sailetik garatzen ari direnak. Romerok azaldu duenez, zoru publikoan etxebizitza eraikitzea sustatzen ari da gobernua, alokairu erregimenean merkaturatzeko eta, modu horretan, “espekulazioa eta etxebizitzaren garestitzea” ekiditeko. Horrez gain, hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko neurriak ere hartu ditu erakunde publikoak, zinegotziak nabarmendu duenez. “Ekintza eta politika zehatzak dira, jada abian daudenak, Eusko Jaurlaritzak Amurrion iragarritako 111 etxebizitzen eraikitzearekin”. 

Bukatzeko, Romerok aipatu du proposamenaren aldeko botoa emanda, PSE-EEk konpromisoa hartzen duela presente dagoen erakunde guztietan (Aldundia eta Eusko Jaurlaritza) lan egiteko, dokumentuaren tramitazioa errazteari begira. Horrez gain, iragarri du bi ekarpen sartuko dituztela planean: aldaketa klimatikoaren aurkako neurriak ezartzea eta pertsonentzako pentsatutako hiri-inguruneak diseinatzeko. “Gure udalerria erakargarria izaten jarraitu behar du bizi eta lan egiteko”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide