Abuztuaren 13tik 15ra luzatuko da Amurrioko Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak osatutako "Egitarau herrikoia". “Eguneko egitarau oparoa” prestatu dute, baina gauez ere egingo dituzte ekintzak, jaietako ohiko “eredu kontsumistatik” aldenduz betiere. Hala adierazi dio Josu Arrietak Aiaraldea Komunikabideari. “Guk parte hartzean oinarritutako jai eredu bat bultzatu nahi dugu; herriko gazteek, atzoko gazteek... guztiek beraien aletxoa jartzea herritik eta herriarentzako izango den egitarau bat eraikitzeko, guztion nahi eta interesen neurrira”, azaldu du batzordeko kideak.
Bilera irekien bidez osatu dute programa. “Edonor etorri daiteke ekarpenak egitera. Ilusioa, lan egiteko grina eta herria eraikitzeko nahia besterik ez dira behar Jai Herrikoien antolaketan murgiltzeko, jaiak herria eraikitzeko beste tresna bat baitira, azken finean”.
Kontzertuetatik Akelarrera
Musika eskaintza oparoa eskainiko du egitarauak. Lehen egunean El Polli, Cuatro Bancos eta Voltium taldeek joko dute. Abuztuaren 14an, aldiz, Malen Atxa eta Perdido entre ilusiones bakarlariak eta True, Tox ta Kitto eta Dantzetan Jarrai musika jartzaileak egongo dira. Ez dira faltako ezta ohiko paella txapelketa eta bertso saioa ere.
Baina egongo dira ekimen berritzaileak ere. Abuztuaren 14an Babiora igoera egingo dute “oxigenorik gabe”. Aurreko egunean, aldiz, Akelarrea egingo dute. Ekainean zuten egiteko asmoa, udako solstizioaren baitan, baina atzeratu egin zuten azkenean.
Segurtasun irizpideak
Hainbat segurtasun irizpide ezarriko dituzte antolakuntzatik, COVID-19aren kutsatzea saihesteko. Ekintzetan parte hartzeko beharrezkoa izango da musukoa jarri, segurtasun distantziak mantendu eta garbitasun neurriak bermatzea. Horrez gain, ikuskizunez eserita soilik gozatu ahalko da, eta unean uneko arduradunen esku geratuko da erabiltzen diren mahaiak eta aulkiak jasotzea.