Zuzendaritzaren partetik “bazterketa” pairatzen duela salatu du Tubos Reunidoseko CNTren sail sindikalak. Sindikatuko kideek adierazi dutenez, enpresako buruek oinarrizko eskubideak ukatu dizkie, "eskubide horiek hitzarmenean edota Askatasun Sindikaleko Lege Organikoan jasota dauden arren".
Informazioa ukatzea eta iragarki oholean informazioa jartzen ez uztea leporatu diote zuzendaritzari. Giza Baliabideen Bulegora jo dute, baina ez dute egoera bideratzea lortu. Gauzak hala, informazioa “bide judizialetatik” eskatu dute, eta erabilerarik ez duen beste taula bat erabiltzen hasi ziren duela zenbait egun, baina hori baliatzea ere eragotzi die enpresak.
Gertatutakoa “pertsona orori” eragiten diola uste dute sindikatuko kideek. “Zuzendaritzak Enpresa Batzordea aitortu nahi du soilik langileek ordezkari gisa, eta enpresak ezarri nahi digun mugapen bat da hori”. Ildo horretan, sail sindikalak “sindikalismoaren oinarria” direla aldarrikatu dute. “Gure sailak horizontalki funtzionatzen du, ekintza zuzena praktikatzen. Horrek esan nahi du asanbladak erabakitzen duela eta aurrea eramaten dugula”. Jarduteko modu horrek zuzendaritzaren funtzionamenduarekin talka egiten duela uste dute. “Demokrazia fabrikaren atean amaitzea gustatuko litzaieke. Baina ez da hala, badago sindikalgintza egiteko beste era bat, oinarrietatik, zuzenean inplikatuak daudenek erabakita”.
Lantegiko egoera ere salatu dute CNTko kideek: “Lana Erregulatzeko Aldi Baterako Espediente jarraitua, soldata izoztua, hitzarmena iraungita, hitzarmena errespetatzen ez duten dinamikak... ezin dugu egoera hau onartu, edo baliteke gero damutzea”.