Prentsa oharra argitaratu du Orain Amurriok iragan asteko ostegunean eginiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren behin behineko onarpena dela eta. Opozisioko talde politikoak hainbat ekarpen eta alegazio egin dizkio planari. “Horietako batzuk planaren memorian sartu dira eta beste batzuk ez. Hau da, ez gaude guztiz ados planaren memoriarekin”, azaldu dute.
Hala ere, Orain Amurrioko kideen kezkarik handiena planaren garapenari lotuta dago. Horregatik, hainbat konpromiso planteatu zizkioten EAJren udal gobernuari eta bi taldeen arteko adierazpen bateratu bat erdietsi zuten horrela. Gauzak hala, behin behineko onarpenaren aldeko botoa eman zuten. “PSE-EE eta EH Bilduri ere luzatu genien akordiora batzeko gonbita, baina uko egin diote dokumentu hori sinatzeari”.
Orain Amurrioko kideek aldarrikatu dute planak funtzio soziala izan behar duela, “interes komunitario eta sozialak asetzeko”. Ildo horretan, hauek dira EAJrekin batera sinatu zituzten konpromisoak:
- Planaren egikaritzearen ardura erabat publikoa izatea, parte hartze pribatua ere bermatuko den arren.
- Planteamenduaren egikaritze publikorako barne-organo bat eratzea, beharrezko giza baliabide eta baliabide materialekin hornituta egongo dena, hirigintza espedinete guztiak aldi berean bultzatu, egikaritu eta kontratatu ahal izateko.
- Zonaldeak lehentasun komunitario eta sozialen arabera urbanizatzea.
- Zoru parke publikoa sortzea, espekulazioa ekiditeko. Udalak edo Eusko Jaurlaritzak sustatzen dituen etxebizitza publikoak alokairu erregimenean jarriko dira, hori egitea ezinezkoa den kasuetan salbu.
Babes publikoko etxebizitzak
Horrez gain, babes publikoko alokairu erregimeneko etxebizitzak sustatzea ere barnebiltzen du akordioak. Gainera, planean zehaztutako zuzkidura-bizitokien egikaritzean ahal bezain beste aurreratzea ere adostu dute, baliabide ekonomikoak jarrita; modu horretan, planaren behin betiko onarpena ematen denean, eraikuntza zuzenean kontratatu ahal izateko. %15ko lagapenaren bidez lortutako zoruetan eraikitzen diren etxebizitzak ere alokairu erregimenezkoak izango dira, eta zorua ezingo zaio entitate pribaturen bati saldu.
Aurrekontuen moldaketa
Horrez gain, Orain Amurriok jakinarazi du bi diru-partida proposatu dituela Udal Aurrekontuen Moldaketan sartzeko. 10.000 euroko partida planteatu du udal biltegiak atontzeko, azpiegitura horiek hainbat gabezia dituztelako segurtasun eta osasin aldetik. Bestetik, 30.000 euroko partida proposatu du oholtza berri bat erosteko.
Bi partida horiek berebizikoak direla defendatu dute opozisioko taldeko kideek, eta gogorarazi dute 2020ko aurrekontuetetan sartuta zeudela eta egikaritu gabe zeudela orduz geroztik.