JOSU ARRIETA

"Parte hartzean oinarritutako jai eredua bultzatu nahi dugu"

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko abu. 9a, 07:00

Jai Herrikoien Aldeko Batzordeko kidea da Josu Arrieta. / Aiaraldea.eus

Hasi da atzera kontua, egun gutxi barru abian egongo da Amurrioko Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak prestatutako egitaraua. JOSU ARRIETA beste hainbat gazterekin batera egon da prestaketa lanetan buru-belarri, eta emaitza jendaurrean aurkezteko irrikaz dago.

Zergatik erabaki duzue aurten berriro ere Jai Herrikoien aldeko egitaraua osatzea?

Iaz arduratsu jokatu eta jai egitaraurik ez antolatzea erabaki genuen, osasun larrialdiari aurre egiteko modurik eraginkorrena zela iritzita. Irailean elkartu ginen berriro Jai Herrikoien aldeko batzordeko kideak eta erronka bati heltzea erabaki genuen: 2021ean Amurrioko auzoetako jaiak eta ospakizun txikiak babestu eta aurrera ateratzea. Egoera zaila izan da ikasturte honetan ere, eta horrelako ekintza gutxi ospatu dira herrian, baina abenduan

Ohiturak taldearekin batera Olentzeroren harrera antolatu genuen San Roke baselizan. Uda iritsi den honetan, badirudi egoerak hobera jo duela, argi geratu da badagoela gauzak egiteko era arduratsu bat. Iazko festa-goseari eutsita aurten egitarau parte hartzaile eta oparoa atera dugu aurrera abuztuaren 13, 14 eta 15erako.

Maiatzean egin genuen egitarauarekin aurrera egiteko apustua. Amurrioko Jaiak ospatuko ditugu, eta jaiak izango dira. Osasun egoerak baldintzatuta egun gutxiagoko egitaraua prestatu dugu, eta gaueko eskaintza murriztu bestelako ekintza batzuk indartuz, baina jaiak ospatu, ospatu egingo ditugu, Jai Herrikoien aldeko eredua bultzatuz.

"Ilusioa, lan egiteko grina eta herria eraikitzeko nahia besterik ez dira behar Jai Herrikoien antolaketan murgiltzeko"

Zein da Jai Herrikoiek bultzatzen duten eredua?

Gure helburua ez da kontsumoan oinarritutako gaueko eskaintza bat osatzea. Guk parte hartzean oinarritutako jai eredua bultzatu nahi dugu; herriko gazteek, atzoko gazteek... guztiek beraien aletxoa jartzea herritik eta herriarentzako izango den egitarau bat eraikitzeko, guztion nahi eta interesen neurrira.

Hori da Jai Herrikoien aldeko batzordeak Amurriori eskaini nahi diona, parte-hartzeko espazio bat. Hau da, Amurrioko gazte eta helduak gure herriaren eraikuntzan subjektu aktibo bilakatzea. Ez dugu bulego batean diruarekin diseinatutako erakusleiho bat nahi.

Zer prestatu duzue jaien astebururako?

Eguneko egitarau oparoa da osatu duguna: paella txapelketa, bertso-saioa, musika eskaintza... Noski, gauetan ere ekintzak antolatuko ditugu, baina, aurretik esan bezala, eredu kontsumista horretatik kanpo. Otsemeak taldeak antolatutako Akelarrea izango da ikuskizun nagusietako bat.

Bestelako ekintza batzuk ere berreskuratu ditugu, horien artean "Babiora igoera oxigenorik gabe", botila kutxekin dorre batean gora igotzean datzan ekintza.

Duela 13 urte ospatu zen azkenekoz Mendiko Lagunak taldeak antolatutako ekintza hau, eta herri mailan estima handia zuen.

Nola antolatu zarete egitaraua aurrera ateratzeko?

Maiatzaren erdialdean lehenengo bilera ireki bat antolatu genuen, herritarren anbizioak eta nahiak zeintzuk ziren ezagutzeko. Egitarauarekin aurrera jarraitzea erabaki genuen orduan eta bi astean behin elkartu gara ordutik. Hainbat eragile kultural, sozial eta politikok osatzen dugu Jai Herrikoien aldeko batzordea: Gazte Asanblada, Amurrioko jai kuadrillak, Mendiko Lagunak, Ernai, Otsemeak, Ikama ikasle antolakundea, Uhandre plataforma...

Dena den, bilera erabat irekiak dira, eta edonor etorri daiteke ekarpenak egitera. Ilusioa, lan egiteko grina eta herria eraikitzeko nahia besterik ez dira behar Jai Herrikoien antolaketan murgiltzeko. Jaiak herria eraikitzeko beste tresna bat baitira, finean.

"Auskalo datorren urteak zer dakarren, baina datorrena datorrela, prest egongo gara!"

Nola bermatuko dituzue osasun neurriak?

Segurtasun lantalde bat osatu dugu batzordearen barruan eta plana osatzeko lanetan ari dira buru-belarri. Besteak beste perimetroa ondo zehaztea, maskararen erabilera bermatzea edota distantziak mantenduta jende pilaketak ekiditea izango dira bermatuko diren neurrietako batzuk.

Zer nolako harremana izan duzue udalarekin?

Aldizka elkartu gara udalarekin gure asmoen berri emateko. Orain arte begi onez ikusi dute guk proposatutakoa. Argi dago Jai Herrikoien aldeko batzordea eragile inportante bat dela herrian.

Zer espero duzue datorren urteko jaiez?

Orain aurtengo egitaraua aurrera ateratzea da helburua, eta horren ostean herriko beste ekintzetan murgiltzea. Auskalo datorren urteak zer dakarren, baina datorrena datorrela, prest egongo gara!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide