Babioko herri harresituan eginiko azken aurkikuntzak jendarteratu dituzte

Txabi Alvarado Bañares 2021ko abu. 9a, 16:10

50 pertsonek hartu zuten parte larunbatean eginiko bisita gidatuan.

Bisita gidatua egin zuten larunbatean Babion, bertan dagoen aztarnategi arkeologikoan eginiko azken aurkikuntzak jendarteratzeko. Harrera beroa izan zuen ekimenak, Jon Obaldia arkeologoaren esanetan. “50 pertsona inguru bildu ginen. Bi taldetan banatu ginen. Nik euskaraz eman nuen solasaldia eta nire lankideak, Antxoka Martinezek, gazteleraz”. 

Aurten eginiko indusketen nondik norakoak azaldu zizkieten bisitariei. “Defentsa sistemak ikertzera bideratu ditugu aurten indar guztiak, goiko harresikoak eta bigarren harresiko atal batekoak”, kontatu du Obaldiak, “goiko harresian iaz ireki genuen atal bat induskatzen ari gara, barneko hormak ikusten diren tokian. Apur bat zabaldu dugu, goiko harresiaren barneko horma hobeto ikus dadin, 4 metro inguru guztira”. 

Horrez gain, hiru lagin egin dituzte. “Urtero egiten ditugu laginak, hamar hektareako aztarnategi batean oso zaila delako eraikinak edo egiturak topatzea”. Modu horretan topatu dute bigarren harresiko barne-horma, “oso ondo kontserbatuta” dagoena. 

Etxebizitzen zonaldean, aldiz, okupazio maila aztertzen ari dira. “Badakigu bertan etxebizitzak zeudela, baina egituraren bat topatu dezakegun aztertzen ari gara”, azaldu du arkeologoak, “bertan aurkitutako materialek iradokitzen dute etxebizitzak zeudela, baina egiturak topatu behar ditugu”. 

Obaldiak zehaztu duenez, autrigoiak ziren bertan bizi zirenak. Gerlariak eta abeltzainak ziren. “Baina nekazariak ere zirela dakigu, haziak topatu ditugulako”.  

Argazkiak: Jon Obaldia

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide