IMANOL LLANO HERNAIZ ETA IMANOL UZABAL ALTUBE

"Ohiko jaien itzulera xanpain botila baten irekiera bezalakoa izango da"

Txabi Alvarado Bañares 2021ko abu. 10a, 16:00

Imanol Uzabal Altube eta Imanol Llano Hernaiz txirrindulari elkarteko eta trail taldeko lehendakariak dira, hurrenez hurren. / Aiaraldea.eus

IMANOL LLANO HERNAIZ (Amurrio, 1974) eta IMANOL UZABAL ALTUBE (Amurrio, 1968) Amurrio Trail Taldeko eta Amurrioko Txirrindulari Elkarteko presidenteak dira, hurrenez hurren. Txirrindulari elkarteak jaso zuen iaz Urrezko Guk Saria, eta trail taldekoek jaso dute aurten, baina ez batzuk ez besteek ez dute pregoia irakurtzerik izan.

Amurrioko Txirrindulari Elkarteko kideek jaso zenuten Urrezko Guk Saria iazko azaroan. Aurten, aldiz, Amurrio Trail Taldekoek jaso duzue, martxoan. Baina ez duzue pregoirik irakurriko. Martxoko galan aipatu zenuten aurtengo jaietan agian elkarrekin zer edo zer egin zenezaketela, baina azkenean bertan behera geratu da, ez?

Imanol Llano Hernaiz: Txirrindulari elkartekoek ez zuten horrelakorik planteatzeko aukerarik izan ere, Urrezko Guk Gala azarora atzeratu zelako.

Imanol Uzabal Altube: Hasieran esan ziguten zer edo zer egin zitekeela, baina azkenean ezer ez. 

I.LL.H: Horregatik planteatu genuen batera egin genezakeela aurten. 

“Txirrindulari elkartearen liburua eta dokumentala aurkezteko asmoa dugu udazkenean”

Urrezko Guk gazi-gozoa jaso duzuela esango zenukete? 

I.LL.H: Oso sari banaketa ezberdinak izan dira.  Amurrioko Txirrindulari Elkarteak 50. urteurrena betetzen zuelako jaso zuen, eginiko ibilbidearen aitortza gisa. Gurea oso ezberdina izan zen, pandemian zehar eginiko lanagatik eman zigutelako. 

I.U.A: Gure kasua bitxia izan zen, Urrezko Guk Gala larunbatean zelako, eta konfinamendua ostiralean ezarri zelako. Hau da, egun bakarrarengatik  ez genuen zegokion unean jaso. Taldeen eta Aiarako Biraren aurkezpena egin nahi genituen asteburu horretan Antzokian. Ekintza andana genuen antolatuta, baina atzeratu behar izan genituen. Abuztuan egitea proposatu ziguten, baina ez zitzaigun hilabete aproposa iruditu, jende asko egongo ez zelako. Orduan erabaki zen azaroaren 14an egitea. 

 

Zertan geratu dira elkartearen 50. urteurrenerako pentsatuak zenituzten ekintzak?

I.U.A:  Ekintza asko bertan behera geratu dira. Taldeen aurkezpen bateratua ez da egingo. Erakusketa bat egiteko asmoa genuen baita ere, baina litekeena da ez egitea.

Bi gauza bai egingo ditugula. Liburua da horietako bat. Amaitua dago jada, inprentara bidaltzeko zorian. Dokumentala da bestea. Txemi Llanok egin zigun. Ordu erdikoa da eta Antzokian aurkezteko asmoa daukagu. 

Urrian egin nahiko genuke, baina antzokiko aforoa handitzen den ikusi nahi dugu lehenbizi, ahalik eta jende gehien sartu nahi dugulako. Antzokia bete nahiko genuke, klubean jende askok parte hartu duelako. Ikusiko dugu. 

I.LL.H: Hala da, bai. Guk  beti defendatu dugu herriko talde bat garela, herriaren beste alde aktibo bat, horretan saiatzen gara behintzat. Mendia dugu gustuko, eta mendiak transmititzen dituen baloreak herrian aplikatu nahi izan genituen. 
Boluntarioen sare bat osatzeari ekin genion. Udalarekin hitz egin genuen eta laguntza eman zigun: telefonoa, materiala... garai horretan ez zegoen ez eskularru ez musukorik! Hortik hasi ginen sarea eratzen, etxetik atera ezin ziren pertsonei erosketak egiteko. 

Indarrean jarraitzen du sare horrek?

I.LL.H: Ez. Duela bi hilabetera arte egon da martxan, baina txertaketa kanpaina hasi zenean amaitzea erabaki genuen, oso gauza puntualak egiten zirelako soilik. Urtebeteko prozesua izan da. 

Txirrindulari elkartetik, aldiz, Amurrioko Jaien testuinguruan egin ohi den lasterketa antolatzeko asmoa duzue, ez?

I.U.A: Baimen guztiak ohikoan bezala tramitatu ditugu, baina ez dakigu azken orduko aldaketarik egongo den edo ez, COVID-19aren aurkako segurtasun neurriak direla eta. Dena den, abuztuaren 15ean, jairik ez badago, ez dugu uste jende asko egongo denik. Jende asko kanpora joango da. 

Ezarri dizkiguten protokolo askok ez dute zentzu handirik. Txirrindulariek lasterketa hasi arte maskara eramateak, adibidez, ez du zentzu handirik, gero pelotoian denak batera doazelako. 

"Trail taldeak osatutako boluntarioen sarea duela bi hilabetera arte egon da funtzionatzen"

Gu saiatuko gara lasterketa ohikoan bezala egiten. Helmuga plazan egotea aurreikusi dugu. Armurubenta kalea ixten saiatuko gara, autoak eta ekipoak sartzeko. 

Lasterketa mantendu nahi dugu. 67 edizio egin ditugu jada. Euskal Herriko lasterketarik zaharrenetarikoa da, oso kirol proba gutxi daude horrenbeste urte iraun dutenak. 

Ez duzue pregoia irakurtzerik izan. Baina, irakurri beharko bazenute, zer da esango zenuketena?

I.LL.H: Zuhurtzia eskatuko genieke herritarrei. Aurten ez da jairik egongo, baina ohiko jaien itzulera xanpain botila baten irekiera bezalakoa izango da, eta kontrolatu beharko da. Hori esatea pentsatu genuen, baina ez ginen ezer zehaztera iritsi, bagenekielako zaila izango zela jaiak egotea. 

I.U.A: Guk ere ez genuen pregoia asko zehaztu, baina itxaropen eta elkartasun mezua helaraztea genuen buruan. Ikusi da arazoak daudenean badagoela beti hor dagoen jendea, eta aurrera atera gaitezkeela. Izorratuta gaude, baina aurrera aterako gara. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide