Nola bizi izan du Skakeitan taldeak pandemiak baldintzaturiko azken urte hau?
Guztiontzako bezala urte zailak izan dira. Uste dut kulturak jaso duela kolperik gogorrenetariko bat, eta oraindik egoera konplikatu horretatik atera ezinda dagoela.
Gure kasuan azken diskoaren aurkezpen biran murgildu berriak ginen pandemiak guztia hankaz gora jarri zuenean. 2019 urte amaieran bukatu aurkeztu genuen Nola galdu denbora lana, estudioko gure laugarren lana. Otsailean ekin genion bira horri, ilusio asko genituen, baina COVID-19ak dena gelditu zuen martxoan, guk lau kontzertu eskaini ahal izan genituen bakarrik.
Bi urteetako argazkiak alderatuta oso egoera desberdinean gaude orain. 2020an mundu mailako bira bat genuen programatua; Mongolian, Korean eta Japonian eskaini behar genituen kontzertuak. Pentsa zer nolako abentura, gogotsu helduko genioke nazioarteko bira horri baina egoerara moldatu beharra daukagu.
"Kulturak jaso du kolperik gogorrenetariko bat, eta oraindik egoera konplikatu horretatik atera ezinik dago"
Orain, 2021ean, askoz kontzertu gutxiago ditugu eta daudenak askoz mugatuagoak dira. Guk oholtza gainean eskaintzen dugun ikuskizuna zaila da gaur egungo formatuetara ekartzen.
Baina ilusioz beteta gaude, proiektu berriak ditugu esku artean: mini-dokumental bat plazaratu berri dugu zuzeneko emanaldi batzuekin, eta aurki lan berriak ekoizteari ekingo diogu.
Nola somatzen duzue kulturaren osasuna?
Erabat blokeatuta ikusten dugu. Iazko parametro berdinetan mugitzen gara, muga berdinekin. Ez da eredu berririk mahaigaineratu pandemia egoerara moldatzeko. Kultura izango da deskonfinatua izaten azkena, hori dirudi. Zentzu honetan oso interesgarria da EHZ bezalako festibalek egindako apustua, PCR frogen bidezko sarrerak ahalbidetuz.
Baina hori baldin bada bidea, estatuei dagokie herritarren osasuna bermatzea; segurtasun hori ezin da probilegio bat bilakatu. Ikusleak ezin du PCR bat ordaindu kontzertu bat iksui nahi duen bakoitzean. Hortik joko badugu eskubide bat beharko luke izan inolako zalantzarik gabe.
Gogotsu heldu diozue udari?
Bai, gogotsu gaude berriro ere agertokira igotzeko. Urte arraroak izan dira eta ez dugu beste uda batzuetako erritmo berdina mantenduko. COVID-19aren aurreko uda arrunt batean 25 kontzertu eskaini genitzakeen, aurten 8-10 eskainiko ditugu askoz jota.
Geldialdiak, gainera, talde bezala batu gaitu. Harreman pertsonaletan sakontzeko parada eskaini digu. Hori gutxi balitz taldekideak proiektu desberdinetan murgilduta egon dira, eta beti da pozgarria eszenatoki gainean bueltan elkartzea.
Olatz Salvador Aho Uhal diskoan lanean egon zen 2020ko azken txanpan, eta Julen Idigoras eta konpainia Merina Gris taldearekin aritu dira orain arte. Uda honetan berriz elkartuko gara.
"Sekulako gogoa daukagu Amurrion egoteko. Musika ez da gure ofizioa, taldekide bakoitzak bere bizitza eta bere ogibidea dauzka, pasioak bultzatzen gaitu eta pasio hori jarriko dugu Amurrioko oholtza gainean"
Zer eskainiko duzue Amurrioko kontzertuan?
Orain arte kontzertu txikiagoak eskaini izan ditugu, zirkuitu pribatuen barruan. Amurrion errepertorio zabala aurkeztuko dugu, ohikoan baino anitzagoa eta gure kanta kuttunenekin. Guztira ordu eta laurdeneko kontzertua izatea aurreikusi dugu. Mito bat da gaur egun ezin dela kontzertu batez gozatu eserita ikusi behar direlako. Durangon, Gasteizen, Andoainen edota Hernanin izan gara, eta demostratu dugu ezetz, badela ondo pasatzeko aukera.
Gainera, gure kontzertuak musika baino askoz gehiago dira, ikus-entzunezko espektakulu bat dira. Ikusleek disfrutatzeko parada izango dute.Guk sekulako gogoa daukagu Amurrion egoteko. Musika ez da gure ofizioa, taldekide bakoitzak bere bizitza eta bere ogibidea dauzka, pasioak bultzatzen gaitu eta pasio hori jarriko dugu Amurrioko oholtza gainean.