Ekintza berriak Amurrioko gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko

Unai San Pedro Camacho 2021ko abu. 18a, 10:00

Eskalada burutuko dute Saturrarango hondartzan, besteak beste. / Wikimedia

Amurrioko Udalak Euskarabide programa abiaraziko du irailean, urrian eta azaroan. Herriko gazteen artean euskara indartzea izango da helburua.

Aste gutxi barru abiaraziko du Amurrioko Udalak Euskarabide proiektua, erronka argi batekin: herriko gazteen artean euskara bultzatzea. Horretarako, gazteek multiabentura irteerak eta bestelako tailerrak izango dituzte eskura.

Multiabentura ekintzek abiatuko dute Euskarabide programa irailaren 4an, eta urriaren 9ra arte iraungo dute. 6 irteera antolatu dira guztira: Via Ferrata (Sobronen), Paddle surf (Karraspio hondartzan), Kayak (Urdaibaiko jaitsieran), Coastering (Lekeition), Eskalada (Saturrarango hondartzan) eta Arroila jaitsiera (Saturioko jaitsieran).

Ekintza guztiak larunbatetan izango dira, eta 14 urtetik gorako gazteek parte hartu ahal izango dute. Izena emateko euskara@amurrio.eus helbidera idatzi behar da. Kontuan hartzekoa da izena emateko epea ekintzaren asteko astelehenean bukatuko dela.

Bestalde, irailetik azaroaren erdialdera, Euskara Eskola Ibiltaria izeneko ekimena burutuko da, teknologia berrien laguntzaz gazteei euskararen ezagutzan eta erabileran laguntzeko. Horren helburu nagusia “euskara ikasgeletatik kanpo ateratzea da, bizitza publiko eta pribatuetan indartsuago egoteko”. Horretarako, ordubeteko saioak planteatuko dira astero, zeintzuetan TikTok tailerra, podcastak, filma laburrak... burutuko diren.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide