Jarduerara itzuli da Arkeologiarako Arabar Institutua, eta Amurriora irteera bat antolatu du

Unai San Pedro Camacho 2021ko ira. 2a, 07:00
San Pedroko Gotorlekua. / AAI

Arabako Arkeologia Berriak bisita gidatuen programa martxan jarriko da irailaren 12an Amurrioko San Pedro mendira egingo den txangoarekin, eta parte hartzeko epea zabalik dago.

Udako atsedenaldiaren ondoren, Arkeologiarako Arabar Institutua "Arkeologia berriak Araban" bisita gidatuen programaren irteerekin itzuliko da jarduerara. 2017an 60 urte bete zituen erakundeak, eta gaur egun ere jarraitzen dute jarduera arkeologikoak antolatzen.

Horregatik, irailaren 12an irteera bat egingo da San Pedroko Gotorlekura, Amurrion. “Bertan lubakiz, aireko babeslekuz eta oso ondo kontserbatutako hormigoizko bunkerrez osatutako paisaia bat dago, Euskal Herriko Gerra Zibileko borroketara garamatzana”, azaldu dute institutuko kideek.

Gainera, proiektu arkeologikoaren helburuetako bat San Pedro-Askuren oroimenerako gune bihurtzea da, ezagutza zientifikoaren eta giza eskubideen sustapenaren ikuspegitik pedagogia publikoa lantzeko. Irteera Josu Santamarina Otaolak gidatuko du, Euskal Herriko Gerra Zibileko Paisaiaren Arkeologiari buruzko doktorego-tesia amaitzen ari den EHUko ikertzaileak.

Irteera irailaren 12an gauzatuko da, igandea, Uzkiano herritik abiatuta, 10:00etan. Ibilbide erraza izango da, 4 kilometrokoa. Hala ere, gomendagarria da mendiko arropa egokia eramatea. Izena emateko http://www.iaa-aai.org/ webgunean dagoen orria bete behar da, eta secretaria@iaa-aai.org helbide elektronikora bidali irailaren 10a baino lehen (ostirala). Arkeologia Institutuko bazkideentzat eta 16 urte baino gutxiagokoentzat dohainik izango da irteera. Gainontzekoek 5 euro ordaindu beharko dituzte. Gehienez 30 pertsonek parte hartu ahal izango dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide