Zabalik dago Amurrioko Udal Dantza Eskolak irailerako antolatu duen kanpusean izena emateko epea

Unai San Pedro Camacho 2021ko ira. 5a, 07:00

Amurrioko Udal Dantza Eskolako kideak, artxibo irudi batean. / Amurrioko Udala

Irailaren 13tik 24ra gauzatuko da dantza jarduera.

Amurrioko Udalak Dantza Eskola antolatu du ikasturte berriari hasiera emateko. Irailaren 13tik 24ra burutzeko, ‘Sartu dantzaren munduan’ kanpusa prestatu dute. Dantzaren inguruko hainbat jarduera egingo dira bertan.

Pasa den asteazkenetik, irailaren 1etik, dago zabalik ekintzan izena emateko epea. Horretarako, Amurrioko Kultur Etxera bertaratu beharko du 5 eta 18 urte bitarteko parte hartu nahi duen ume eta gazte orok. Matrikularen prezioa 22,12 eurokoa da udalerrian erroldatutako ikasleentzat, eta 36,87 eurokoa erroldatu gabekoentzat.

Kanpusaren antolakuntzak Udal Dantza Eskolaren ateak irekiko dizkie herritarrei, bere jarduera ezagutzera emateko eta dantzarekiko interesa modu atsegin eta dibertigarrian pizteko. “Dantzak erakartzen dituen arren, inoiz klaserik jaso ez duten 5 eta 18 urte bitarteko ume eta gazteei egindako deia da”, azaldu du Jon Ugarriza eskolako zuzendariak.

Bertan, ballet, koreografia, coaching, balleteko eta ikuskizunetako jantzi edo familian dantzatzeko teknikak ezagutzeko eta praktikatzeko aukera egongo da, besteak beste. Parte-hartzaileen adinaren arabera, lau talde ezarri dira: A taldea (5-7 urte), B taldea (8-10 urte), C taldea (11-13 urte) eta D taldea (14-18 urte).

Ekimena bi astetan egingo da, irailaren 13tik 17ra eta irailaren 20tik 24ra, arratsaldez, 17:00etatik 20:15era, taldeen arabera. “Dantzaren munduan murgiltzeko une egokia da hau. Izan ere, bi astez, parte-hartzaileek etorkizuneko prestakuntzan lagungarri izango zaizkien alderdi garrantzitsuak ezagutzeko aukera izango dute”, adierazi du Ugarrizak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide