Igandekoa Izaskun Bengoaren bigarren garaipena da Espainiako ipar martxako Kopan. Izan ere, txapelketako lehen jardunaldia irabazi zuen pasa den uztailaren 4an, eta berriro gailendu zen irailaren 5ean.
Azagrakoa 12,8 kilometroko ibilbidea izan zen, 3,2 kilometroko bueltak burutuz. Emakumezkoetan Bengoak podiuma errepikatu zuen, eta Gasteizen lehen proba egin zenetik Kopako sailkapenean duen lidergoa mantetzen du. Amurrioarrak 1:21:14an bukatu zuen, emakumezkoen lehenengoa eta sailkapen nagusiko zazpigarrena izanez. Atzo ez zuen aurkaririk izan lehen postua defendatzeko.
Bestalde, gizonezkoetan, Ramón Álvarez izan zen atzoko garaile.
Oraindik Espainiako Kopako beste bi proba ditu aurretik Bengoak: Valladoliden (irailak 19) eta Sevillan. Horrez gain, beste lau lasterketetan parte-hartzea aurreikusi du urtea amaitu aurretik, horietako bat da urriaren 24an jokatuko den Kluben Txapelketa.
Kirolari amurrioarra oso motibatuta dago aurrean dituen erronkei heltzeko. Lorpen ugari lortu ditu dagoeneko: ekainaren 6an Espainiako txapeldunorde izan zen, Coruñan jokatutako Ipar-martxaren Espainiako Txapelketan. Gainera, Espainiako Kopako lehen jardunaldia irabaztearekin batera, Arabako eta Euskadiko txapelak ere irabazi zituen.