Amurrioko Udalak jakinarazi du El Refor ostiral eta larunbat gauetan itxita egongo dela. Izan ere, joan den asteburuan ekintza bandalikoak egon ziren gune horretan. Horregatik, berriro ez gerta dadin, tokiko erakundeak espazio hori ixteko neurria hartu du, asteburu honetatik aurrera.
Txerra Molinuevo alkateak horrela argudiatu du erabakia: “asteburu honetan, hiri altzarien aurkako ekintza bandalikoak egon dira El Reforren, eta asteburuetako gauetan instalazioak ixteko neurria hartu dugu. Aisialdirako eta kirola egiteko gunea da amurrioarrentzat, eta ez dugu onartuko pertsona gutxi batzuen jokabide txarrak egunean zehar hainbat jarduera jasotzen dituen leku hori hondatzea”.
Gauzak hala, El Reforren instalazioa itxita egongo da datorren asteburutik hasita, ostiralero eta larunbatero 21:30etik goizeko 8:30era. “Neurri hori asteburu guztietan gauzatuko da”, nabarmendu du Molinuevok. Hala ere, eta nabaria denez, instalazioa egunez erabili ahal izango da.