Amurrioko herritar guztiek eskura izango dute Ingurune digitaletan indarkeria matxistak prebenitzeko gidaliburua, Amurrioko Udalaren eskutik. Horren bidez, amurrioarrei indarkeria mota horri aurre egiteko eta, modu prebentiboan, horren zergatiak eta ondorioak ezagutzeko eta sakontzeko baliabide batzuk emango zaizkie.
Ixone Saratxaga Berdintasun zinegotziak adierazi duenez, “Amurrioko Udalak berdintasunarekin konpromiso sendoa erakusten jarraitzen du, indarkeria matxistaren aurkako borroka sustatuz. Teknologia berriek ildo horretan lan egin behar izateko agertoki berria jarri digute mahai gainean; horregatik, udalerriko bizilagunen artean postontzietan banatzen ari den gidaliburuak, herritarrak informatzea, prestatzea eta sentsibilizatzea du helburu, ingurune digitalean horrelako egoerei aurrea hartzeko”.
Azkenaldi honetan, sare sozialen munduak izugarrizko inpaktua jasan du eta, ondorioz, gero eta indarkeria eta jazarpen egoera gehiago daude LGTBI kolektiboko pertsonen eta emakumeen aurka.
Gauzak hala, Amurrioko Udalak eta Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Itunaren funtsek batera finantzatu duten gidaliburu horren bitartez, indarkeria matxista mota horri aurre egiteko behar duten informazioa emango zaie herritarrei.
“Informazioa eta baliabideak izatea funtsezkoa da kasu horietan nola jokatu jakiteko, indarkeria matxistaren biktima izan daitezkeenei eta, oro har, herritar guztiei, informazioa eskainiz eta, gainera, askotan oharkabean pasatzen den indarkeria mota horri buruzko kontzientzia soziala sortzen lagunduz”, azaldu du Saratxagak.