Ertzaintzaren Brigada Mugikorreko hainbat agente bertaratu dira gaur goizaldean Amurrioko parkera. Poliziak azaldu duenez, hainbat bizilagunen deiak jaso dituzte 3:30ak aldera, zonalde horretan “botilioia” egiten ari zirela esanez.
Hainbat patruila bertaratu dira zonaldera, eta musika kentzeko eskatu diete bertan zeuden gazteei. Gazteek kasu egin diete poliziei, eta batzuk alde egin dute orduan. Baina beste batzuk agenteak iraintzen geratu dira, eta kristalezko botilak bota dizkiete, Ertzaintzak zabaldutako oharraren arabera.
Agenteek bi gazte identifikatu dituzte, 17 eta 18 urtekoak, eta isuna jarri diete musukoa jantzita ez eramateagatik. “Adinez nagusi denari desobedientzia-delitua ere leporatu diote, ez baitu identifikatu nahi izan”, azaldu du Ertzaintzak.
Gertaera gehiago EAEn
Amurriokoa ez da izan gaur gauean egon den mota horretako gertakari bakarra, ez eta larriena ere. Galdakaon 42 urteko gizon bat atxilotu du poliziak goizaldean eta eginbideak ireki dizkiote 20 urteko beste bati Tolosan, desordena publikoak leporatuta.