LUKENE TRUJILLANO

“Helmuga gurutzatu eta irribarre erraldoi bat atera zitzaidan”

Unai San Pedro Camacho 2021ko ira. 14a, 08:00

Brontzezko domina lortu zuen Lukene Trujillanok Espainiako Txapelketan. / Lander Lopez

LUKENE TRUJILLANOk (Amurrio, 2004) Espainiako Junior Txapelketako hirugarren postua lortu zuen joan den uztailean, Arabarrak taldearekin. Udazkenean ziklokross-ean arituko da bete-betean.

Nola eta noiz hasi zen txirrindularitzarekiko  zure zaletasuna?

Txikia nintzenetik hasi zen, izan ere etxean beti jarraitu izan dugu txirrindularitza, nire aita txirrindularia izan zelako, nire lehengusu bat ere, eta azkenean beti hor egon den zaletasun bat izan da.

Noizbait erretiratzan pentsatu al duzu?

Ez, baina kostatu zitzaidan txirrindularitzan hastea. Aitak esaten zidan 12 urte izan arte ez hasteko, gero luze egiten zelako, eta orain arte beti jarraitzeko gogoarekin egoin naiz. Eta horrela jarraitzen dut momentuz, nire bizitzako zati bat da, goi maila batera heltzea amets bat bezalakoa da, eta pozik nagoen bitartean txirrindularitzan jarraitzeko asmoa dut.

Zein esango zenuke izan dela zure etaparik zailena?

Nire ustez azken hau izan da urterik txarrena, azkenean ikasketak direla eta ez delako urte erraza izan. Asko kostatu zitzaidan entrenatzera ateratzea, ez nuen gogorik, eta zaila izan da, lasterketak egin nahi nituelako baina ez nuelako entrenatzeko gogo askorik. Zaila egin zait, bai, baina azkenean gauzak ondo areta dira eta pozik nago, jarraitzeko gogo handiarekin.

Sakrifizio handia egiten duzu txirrindularitzan aritzeko?

Egia da txirrindularitzak denbora asko eskatzen dizula, eta horregatik beste gauza asko ezin dituzula egin, baina horrelakoa da eta horrela izango da beti, orduan onartu beharra dago.

Zein da zure entrenamendu errutina?

Normalean eskolako jolastokian bazkaldu eta etxera heldu bezain pronto arropa jantzi eta entrenatzera ateratzen naiz, batzuetan bi ordu, beste batzuetan 3, askotan bakar bat... Baina egunero ateratzen naiz txirrindulan ibiltzera.

Dietaren bat jarraitzen duzu?

Ez, momentuz ez. Oraindik Junior mailan nago eta ez dut beharrezkoa izan, baina suposatzen dut urtebete barru edo, 23 urtez azpiko mailan egongo naizenean, gauzak serioago jarriko direla, eta nutrizionista bat hartuko dudala gauzak are hobeto atera ahal izateko.

Pasa den uztailaren 18an brontzea lortu zenuen Espainiako Junior Txapelketan, zer sentitu zenuen helmugara ailegatzean, zeure burua hirugarren postuan ikusi zenuenean?

Egia esan, ez nuen espero, esan dudan bezala ez delako urte erraza izan. Gainera, ostiral horretan  ondo aterako zitzaidala uste nuen lasterketa bat izan nuen, eta azkenean oso gaizki atera zitzaidan nire ustez. Orduan, ez neukan konfiantza hori, baina buelta eman ahal izan nion egoerari eta helmuga gurutzatzerakoan irribarre handi bat atera zitzaidan. Oso pozik nago, ez genuen ez nik ez inork espero.

Udazkenean ziklokross diziplinan sartuko zara bete-betean, zure gogokoena dela uste duzu?

Ez, errepideko txirrindularitza nahiago dut, azkenean gehien ikusten dena delako eta nik gehien jarraitzen dudana delako. Baina ziklokross-ean dagoen giroa oso ondo dago, maila guztiak eta bai neskak eta bai mutilak leku berean elkartzen garelako, eta oso polita izaten da, errespetu asko baitago guztion artean.

Zure ibilbidearen puntu onenean zaudela uste duzu?

Egia esan, Espainiako Txapelketan hirugarren postua lortu eta gero izan ditudan azterketak oso ondo atera zaizkit, uste dut horrek konfiantza eman zidalako, baina nire ustez asko hobetu dezaket oraindik aurtengoa ez baita urte onena izan. Gogotsu nago datozen denboraldiek zer ekarriko duten ikusteko.

Hurrengo konpromisorik?

Ez ditut espektatiba oso altuak jarri nahi, gero presio asko izango dudalako, baina gustatuko litzaidake hurrengo urtean pauso bat ematea. Aurten gauzak ondo atera badira lehenengo urtekoa izanda, ondo legoke 2022an guztia hobeto prestatzea eta aurrera-pausu bat ematea, urte garrantzitsu bat dela uste dudalako, gero taldea bilatzeko salto bat eman behar delako. Eta ziklokross-a aurten egingo da, iaz ez ziren ia lasterketarik egon. 

Ondo egitea espero dut, eta ea zer datorren gero.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide