Beste asteburu batez, Espainiako Kopako lasterketa batean parte hartu du Izaskun Bengoa kirolari amurrioarrak. Valladoliden jokatu zen txapelketako hirugarren proba. Bengoa aurreko bi lasterketak irabaztetik zetorren, eta azken honetan ere ez da podiumeko lehenengo postutik jaitsi.
Ibilbide menditsua izan zen Valladolidekoa: "Aurreko probekin alderatuta zeharo desberdina izan zen ibilbidea, aldapa nahiko gogorrei egin behar izan genien aurre" adierazi du kirolari amurrioarrak.
Aurkaririk ez
Aurkaririk gabe doa Espainiako Kopako egutegian aurrera Bengoa. Urriaren 3an Espainiako Kopako azken lasterketan parte hartuko du, Sevillan: "Kopa matematikoki irabazita daukat dagoeneko, baina azken ahalegin bat egingo dut Sevillako jardunaldian".
Sevillakoaz gain, beste bi lasterketa falta zaizkio Bengoari denboraldi borobil honi amaiera emateko. Lodosan eta Madrilen. Madrilgoa Kluben Espainiako Txapelketa izango da, eta Gasteizko Hazten taldearekin arituko da amurrioarra. Proba hori urriaren 23an jokatuko da.