Noiz etorri zinen Euskal Herrira?
Ama 2016an etorri zen Euskal Herrira Venezuelatik. Bilbon hasi zen lanean eta bertan bizi izan zen denboraldi batez, lagun bat baitzuen hirian. Gerora Amurrion aurkitu zuen lana eta baita bizilekua ere. Ez zuen herria inondik inora ezagutzen baina asko gustatu zitzaion eta hemen gelditzea erabaki zuen. Orduan etorri nintzen ni, 2018ko azaroan, oker ez banago.
Amurrioko euskaltegian eman zenuen izena euskara ikasteko, zergatik?
Batxilergoa hasi nuen Laudioko Udal Lanbide Heziketa Eskolan, eta bertako irakasle batek esan zidan askoz hobeto harrapatuko nuela eskolen erritmoa baldin eta euskaltegira joaten banintzen.
Zenbat denbora egon zara euskaltegian?
Bi urte eman ditut bertan, batxilergoa atera bitartean hain zuzen. Oso esperientzia positiboa izan da. Urduri nengoen hasieran baina ederki pasatu dut.
Uste duzu zaila dela euskara ikastea?
Zaila da, baina ez beste hizkuntza bat baino gehiago. Jarrera kontua da, ikasteko gogoz baldin bazaude ikasi egingo duzu eta ikasketa prozesuarekin disfrutatuko duzu. Ni hasieran asko nahasten nintzen atzizkiekin, aditzekin, eta beste hamaika kontuekin!Bakoitzak gainera bere trukoak ditu hizkuntza ikasteko. Gure klasekide baten mutil laguna Asier deitzen zen eta "hasi" hitzarekine ralzionatzen zuen honen esanahia ez ahazteko. Nik ere berdin egiten nuen. Gure heziketa fisikoko irakaslea Asier zuen izena ere eta truko bera erabili izan dut. Horrelako hamaika anekdota izan ditugu bi urte hauetan zehar euskaltegian. Oso giro ona egon da gure artean, nik pila bat disfrutatu dut. Oso berbatia naiz, beti nengoen hitz egiten.
Aurten ez duzu euskaltegian jarraituko?
Ez, aurten goi mailako ikasketekin hasiko naiz. Marketinga eta publizitatea ikasiko ditut. Hala ere saiatuko naiz euskara praktikatzen. Nire anaia txikia lehen hezkuntzako 3. mailan dago baina nahiko ondo hitz egiten du euskaraz, berarekin praktikatzen jarraituko dut; nik etxerako lanekin lagundu eta berak nirekin euskaraz hitz egin.
Zer da Amurriora etorri zinenean gehien harritu zintuena?
Gehien harritu ninduena Amurrioko kaleetan dagoen lasaitasuna. Ni Los Teques hirikoa naiz, Caracasetik gertu. Oso hiri handia da, jende asko bizi da eta ez dago kaleko bizitza egiterik; Amurrion ordea bai, eta asko gogoko dut.Talka kulturala oso handia izan zen hona iristerakoan, oso herrialde desberdinak dira. Uste dut euskarak lagundu egin didala talka kulturala hori leuntzen. Orain ulertu egiten dut kartel eta pankartetan jartzen duena eta horrek asko pozten nau.
Gainera, munduan oso pertsona gutxik dakiten hizkuntza dakit orain. Hori altxor hutsa da!