Ertzaintzak atxilotu du gaur gauean Amurrion lapurtutako auto bat ausarkeriaz gidatzen ari zen 27 urteko gizonezkoa, gidabaimenik izan gabe, gainera. Goizaldeko 3.45ean poliziaren patruila batek Amurrioko herrigunean maniobra arraroak egiten ari zen auto bat ikusi du. Gelditzeko agindua eman diotenean ordea, azeleratu eta ihesi egin du gidariak.
Ertzaintzak, plazaratutako prentsa oharrean azaldu duenaren arabera, A-624 errepidean abiadura handian gidatuta eta kontrako erraila okupatuta, 11 kilometro egin ditu arau-hausleak poliziarengandik ihesi, "errepidetik zirkulatzen ari ziren ibilgailuak arrisku larrian jarriz".
11 kilometroren ondoren, autoa errepidean gurutzatuta geratu da, eta Ertzaintza polizia-autotik jaitsi da gidariari gelditzeko aginduz. Gidariak, ordea, polizia agente bat harrapatzen saiatu da. Beste 200 metro egin ditu autoan, hau utzi eta korrika ihes egiteari ekin dion arte. Ertzainek handik metro gutxira atxilotu dute.
Ausarkeriaz gidatzea eta agintaritzaren agenteen aurkako erasoa leporatu diote hasiera batean. Polizia-jarduketak autoa lapurtua zela eta gidariak gidabaimenik ez duela egiaztatu du, eta beste bi delitu horiek leporatu dizkiote ere.
Gaur goizean eraman dute atxilotutako gizona Amurrioko Guardiako Epaitegira.
27 urteko gizon bat atxilotu dugu #Amurrio-n ustezko hainbat deliturengatik.
— Ertzaintza (@ertzaintzaEJGV) September 28, 2021
Gizonak ihes egin du lapurtutako auto batekin eta ausarkeriaz gidatu du hamaika kilometroan.
https://t.co/Es7S3EgZj6 pic.twitter.com/zOqTs9XYZd