Amurrioko Udalak datorren urtean ezarriko dituen ordenantza fiskalak babestuko ditu EH Bilduk, argudiatuta hainbat neurri egongo direla “fiskalitate progresiboagoa” ezartzeko. Horregatik, opozisioko taldearen ustez, datorren urteko zerga, tasa eta prezio publikoak “bidezkoagoak” izango dira.
Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ) egongo dira hobekuntzak, besteak beste. Hala ere, EH Bilduko kideek uste dute oraindik lan gehiago egin daitekeela, “klase sozial ahulenei” hobari aplikatua “are gehiago” zabaltzeko.
Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergari dagokionez, gutxiago kutsatzen duten ibilgailuen hobariaren alde egin du talde politikoak, “trantzitsio ekologikoa” bultzatzeko. Hala ere, zerga hori gehiago hobetu daitekeela uste dute, gaur egun ibilgailu elektrikoak ez daudelako bizilagun guztien eskura.
Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zergan, ordea, “hobetzeko marjina” dagoela uste du opozisioko taldeak. Zenbait irizpide gehitu zitezkeela nabarmendu du Mariano Alava zinegotziak: “enplegua sortzea bultzatzeko hobarien bidez, emakumeak, gazteak edo zailtasun bereziak dituzten pertsonak kontratatzea, energia berriztagarriak erabiltzea edo zenbait jarduera eremu jakin batzuetan kokatzea”.
Bukatzeko, talde politikoak faltan bota du genero-ikuspegia txertatzea. “Ordenantza horiek genero-eragina dute, ez dira neutroak. Ezartzen ditugun tarifek, hobariek eta diru-laguntzek emakumeengan eta gizonengan modu berean eragiten duten aztertu behar da”. Horregatik, zerga, tasa eta prezio publikoak sexuaren arabera bereiztea proposatu du Alavak.