Ordenantza fiskalen inguruan duen iritzia azaldu du Orain Amurriok

Txabi Alvarado Bañares 2021ko urr. 11a, 06:00

Orain Amurrioko kideak, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Oposizioko talde politikoak ordenantza gehienen moldaketen alde bozkatu zuen, baina kritiko azaldu zen Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen eta Ondasun Higiezinen zergen gaineko proposamenekiko.

Orain Amurriok aldeko botoa eman zien Amurrioko Udalaren ordenantza fiskalen moldaketa gehienei. Oposizioko talde politikoak hainbat helburu izan ditu ordenantzen eztabaidan: neurri progresiboak ezartzea (gehien dutenek gehiago ordaindu dezaten) eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko haina diru sarrera eskuratzea.  

Bi desadostasun

Hala ere, udal talde politikoa kritiko azaldu da bi zergekiko: trakzio mekanikoko ibilgailuena eta ondasun higiezinena. 

Ondasun Higiezinen gaineko Zerga %5 igoko da datorren urtean, Orain Amurrioko kideek nabarmendu dutenez. Oposizioko taldeak hainbat proposamen egin ditu “eragina ahalik eta txikiena izan dadin errenta baxuenak dituzten familietan”. Gauzak hala, bonifikazioak handitzea lortu du dutela nabarmendu dute. 

Hala ere, egin dituzten beste proposamen batzuk ezerezean geratu dira: ez zaizkie etxebizitza hutsei zergarik jarri eta Batzar Administratiboetako biztanleei  ez zaizkie zerga progresiboagoak ezarri. Horregatik, bozketan abstenitzea erabaki zuten Orain Amurrioko kideek. 

Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergari dagokionez, aldiz, Orain Amurrioko kideek proposatu zuten %50ko hobaria inolako isurketarik egiten ez duten ibilgailuei soilik aplikatzea. “Horren ordez, ibilgailu kutsakorrak bonifikatzen jarraitzeko hautua hartu da, 'Eco' etiketak daramaten arren. Horregatik bozkatu genuen aurka”. 

Tubacexeko langileei zorionak

Orain Amurrioko kideek prentsa oharreko azken lerroak baliatu dituzte Tubacexeko langileak zoriontzeko. Era berean, Aiaraldeko etorkizunaren alde borrokan egon diren erakunde eta pertsona guztien lana goraipatu dute. Gauzak hala, “elkartasuna eta borroka” indartzeko deia luzatu dute, “langile klasearen eta Aiaraldeko eskubideen eta etorkizunaren alde”. 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide