Zenbat denbora daramazu Puerto Ricon?
Uztailaren 24an Loiun hegazkina hartu, eta Parisen eta Atlantan eskala egin ondoren, San Juanera ailegatu ginen, Alonsotegiko eta Azpeitiko beste bi neska eta hirurok. Helmuga hau, Puerto Rico, aukeratu nuen, gure gizartetik aldentzen den herrialdea delako eta beste errealitate bat ezagutu nahi nuelako. Hala ere, bidaiaren arrazoi nagusia unibertsitateko mugikortasun programa da, hau da, ikasketak sendotzera etorri gara.
Nolakoa da zure egunerokotasuna bertan?
Bi egunerokotasun mota ditudala esango nuke. Astelehenetik ostegunera lan epea izango litzateke. Goiz esnatzen naiz klasera joateko, beti arazoren bat dagoelako garraio publikoarekin eta arratsaldeetan berriz proiektuak egin eta lagunekin barreak botatzen ematen ditut orduak. Ostegun gauetik igandera arte txanponaren beste aldea izaten da ordea. Asteburuan festa ederra dago gure auzoan, taberna askotan musika mota ezberdinekin topatzen gara. Gainera, sarritan joaten gara hondartzara, errutinatik deskonektatzeko eta uhartea ezagutzen joateko.
Euskal Herriarekin alderatuz, zeintzuk dira ikusi dituzun desberdintasunik nagusienak?
Oro har, bizi-kalitatea. Euskal Herrian sekulako erosotasuna dugu arlo guztietan. Osasun sistema desastre hutsa da hemen, zure osasuna salbatzen saiatzeagatik zorpetu zaitezke. Ez zaitu gaixotasunak hiltzen, baizik eta sendatzeko sortzen duzun zorrak. 2017ko urakanaren ondoren, uharte osoa hondatuta geratu zen, eta gaur egun, sistema elektrikoak huts egiten jarraitzen du, askotan elektrizitaterik gabe geratzen gara hainbat orduz. Gobernua askoz ezegonkorragoa da han baino eta hezkuntza sistema publikoa desastre hutsa da, ez baitute bertan inbertitzen. Emakumearen egoera kezkagarria da hemen baita ere, feminizidio ugari daude hilean zehar eta ezin gara kalean bakarrik ibili.
Izan ere, gure lagunek beti daramate piper-espraia eta taser bat haien zorroetan. Erlijioari dagokionez, jendea askoz fededunagoa da, kristau erlijioa erregulartasunez praktikatzen dute. Gainera, Estatu Batuetako ohitura asko hartu dituzte eta sistema guztiz kapitalista da.
Nolakoa da Puerto Rico? Zer gustatu zaizu gehien?
Gauza txar guztien gainetik, Puerto Rico zoragarria da. Bizitza, alaitasuna eta barreak dituen herrialdea da. Jendea da orain arte gehien gustatu zaidana, gu baino askoz abegitsuagoak dira, beti laguntzen saiatzen dira. Izugarri gustatzen zaie festa, eta zoratuta daude zentzu onean, badakite bizitzaz gozatzen. Tabernetan zuzeneko musika dagoenean eta denak dantzan hasten direnean giro bikaina sortzen da. Hasieran uste nuen klimarekin gorroto-harremana izango nuela, baina azkenean izugarri pozik nago ekaitzekin eta beroarekin. Eta hondartzak jakina, hemen paradisuan gaude.