Gaur egingo duzue hitzaldia Gorobeli eta mehatxu eolikoari buruz. Zergatik uste duzue parke eolikoek arriskuan jartzen dutela zonalde hori?
Momentu honetan Gorobel mendilerroan 11 errotako zentral eoliko bat eraikitzeko pausuak egiten ari dira. Burgosko probintzian Arabako mugatik metro gutxira, 200 metroko errotak jarri nahi dituzte. Lehenengo errota Mojon Alton eta azkena Angulo mendatean.
Horretaz gain, Angulo mendatearen beste aldean, Carbonilla mendilerroan, Arabako mugatik 4 kilometrotara dagoena, beste 10 errotako zentral eolikoa eraiki nahi dute.
Gorobel mendilerroa hegaztientzako babes bereziko eremua da eta 200 metroko 11 errotako zentral eoliko bat bertan jartzen badute, mendilerro horrek dauzkan balio guztiak ezer ezean geldituko lirateke.
Bestetik, Carbonilla mendilerroan beste zentral eoliko bat eraikitzeak inpaktu oso bortitza izango luke, bai Gorobelen bai Aiaraldean.

Zein fasean daude proiektuak?
Lehen aipatu dudan bezala, Aiaraldeari eragiten dioten bi proiektu daude abian, Gorobel mendilerroan eraiki nahi dutena "Llorengoz parke eolikoa" deitu diote eta Carbonilla mendilerroan jarri nahi dutena "Pico Fraile parke eolikoa" bezala izendatu dute.
"Gorobel mendilerroa hegaztientzako babes bereziko eremua da eta 200 metroko 11 errotako zentral eoliko bat bertan eraiki nahi dute"
Bi zentral eoliko horiek Iberdrola multinazionalak eraiki nahi ditu eta pasa den apirilaren 21ean Gaztela eta Leongo buletinan administrazio-baimena lortu aurretik, informazio publikoaren izapidean jarri ziren.
Tramite hori egin eta gero, Iberdrolak bi zentral eoliko horien ingurumen inpaktu ebaluaketa aurkeztu behar dio Ingurumen Ministerioari.
Gero, ministerioak ingurumen inpaktu ebaluaketa BOEn publikatu behar du eta alegazio fasea irekiko da.
Zer egin dezakete zuekin ados dauden herritarrek horri aurre egiteko?
Oso garrantzitsua da ondo informatzea, antolatzea eta bide guztiak erabilita proiektu horien aurka agertzea. Hitzaldiak antolatzea, mendi ibilaldiak, alegazioak, manifestazioak... Adibidez, larunbat honetan, Aramaio eta Legutio artean eraiki nahi dituzten bi zentral eolikoen kontrako mendi ibilaldia burutu dugu eta 300 pertsona inguru elkartu garaJarindo mendian.
Bestetik, hurrengo larunbatean, urriaren 23an, Gasteizen, 18:30ean, Bilbo plazatik abiatuta, egingo dugun manifestazioan parte hartzera gonbidatzen dut proiektu hauen aurka dagoen jende guztia.
Oso garrantzitsua da hurrengo larunbateko manifestazioa eta erantzun potentea ematen badugu, zailago izango dute Iberdrola bezalako multinazionalek gure mendiak industrializatzeko, pribatizatzeko eta bioaniztasuna, paisaia eta, azken finean, gu garena suntsitzeko.
Zein talde eta erakunde batzen ditu Araba Bizirik-ek?
Arabako Mendiak Aske, Arabako tren sozialaren aldeko eta AHTaren aurkako plataforma, Proiektu Honi EZ (nekazaritzako lur komunaletan eraiki nahi duten 200 hektareako zentral fotovoltaiko baten kontra) eta Elikadura Iraunkorraren Aldeko Mugimendua.