"Euskaraz bizi nahi dut eguna" ospatuko dute larunbatean

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko urr. 20a, 07:44

2019an egin zen azkenekoz Euskaraz Bizi Nahi Dut eguna Amurrion. / Aiaraldea.eus

Egun osoko egitaraua antolatu du Amurrioko Euskara Zerbitzuak hizkuntzaren erabilera sustatzeko xedearekin. Kantu Kolore ikuskizuna egongo da, besteak beste.

Urriaren 23an, larunbatean, izango da "Euskaraz bizi nahi dut eguna". Egun osoko egitaraua prestatu dute euskaldun guztien gozamenerako. Herriko zenbait eragilek hartuko dute parte, gainera, programazioan.

Haurrentzat tailerrak, jolasak, Kantu Kolore ikuskizuna, zunba saioa eta Ihes gela egongo dira, besteak beste, "Euskaraz bizi nahi dut" egunean

Batetik, Aspaltza euskara elkarteak tailerrak eskainiko ditu umeentzat 11:00etatik 13:00etara. Bestetik, Amurrioko Txistuzaleak taldearen kalejira egongo da herrrian barrena, 12:00etatik aurrera. Horrez gain, 11:30etik 13:00etara Kalaka egur jolasak eta bestelako jokoak edukiko dituzte eskura bertaratzen direnek. 

Kantu koloreren emanaldia

Dantzarako ere izango da tarterik. Izan ere, Kantu Kolore haur ikuskizuna ekarriko du San Anton plazara Vital fundazioak. Kontzertu hori 12:30ean hasiko da. Helduagoek, berriz, zunba saioa izango dute euskaraz Izaskun del Cerroren gidaritzapean. 

Gazteentzat ihes gela

Gazteek ihes gelaz gozatzeko aukera izango dute, 'scape room' ingelesezko esamoldeaz ezagunagoa den. Kultura Etxean atonduko dute gunea horretarako. Euskara Zerbitzuetatik zehaztu dutenez, ikastetxeetako ikasleei begirako dinamika izango da. Ugarte Otxotearen emanaldia arduratuko da egunari amaiera emateaz. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide