Mikrotxipen eskasiak enplegua erregulatzeko espedienteak eragin ditu Mubea eta Megatech enpresetan

Aitor Aspuru Saez 2021ko urr. 22a, 07:00

Mubeako lantegia, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Zientzia-fikzioa zirudienak eragin zuzena eta nabaria izan du Aiaraldeko industrian eta Amurrion kokatutako bi enpresak dira horren adibide.

Mikrotxipen gabeziak sekulako porrota sortu du munduko ekonomiaren susperraldian pandemiaren une latzenen ostean eta Aiaraldean agerikoa da hori. Izan ere, Mubea -Inauxa- eta Megatech enpresek Enplegua Aldi Baterako Erregulatzeko Espedienteak abiatu dituzte euren ekoizpena eskaera murrizketetara moldatzeko.

Izan ere, bi konpainiak daude auto eta ibilgailuen produkziora lotuta eta euren bezeroek eskaerak txikitu dituzte, mikrotxipen faltak ez baitie aurreikusitakoari eusteko aukerarik eman.

Mubearen kasuan, irailaren erdialdean adostu zuten langile batzordeak eta zuzendaritzak ostiralero ekoizpena etetea eta beharginek langabezia baliatzea. "Azkenean, bi ostiraletan baino ez gara etxera joan, baina enpresak otsailera arte luzatuko du espedientea", adierazi dio langile batzordeko ordezkari batek Aiaraldea Komunikabideari.

Megatechen lanaldiak murrizteko akordioak ez du LAB sindikatuaren sinadura jaso. Horrela azaldu du sindikatu horretako kide batek: "COVIDak eragindako espedienteen ostean, hirugarren espediente batean gaude, eta enpresak ez du konpromisorik hartu behin hori bukatuta lanpostuak bermatzeko".

Printzipioz, azken espediente horrek 2022ko ekainaren 30era arte iraungo du eta, gehienez, 90 egunekoa izango da.

Ez Mubeak ez Megatechek ez dituzte mikrotxipak erabiltzen euren lantegietan, baina autoen industriak ez duenez osagai elektroniko horien horniketa bermatua, euren eskaerak murriztu dituzte eta ibilgailuen ekoizpenera lotuta dauden sektoretan eragin kaltegarria ekarri du horrek

Mikrotxipen arazoa

Berez, ez Mubeak ez Megatechek ez dituzte mikrotxipak erabiltzen euren lantegietan, baina autoen industriak ez duenez osagai elektroniko horien horniketa bermatua, euren eskaerak murriztu dituzte eta ibilgailuen ekoizpenera lotuta dauden sektoretan eragin kaltegarria ekarri du horrek.

Mikrotxipen edo erdieroaleen krisialdia ekaitza perfektu baten ondorioa da, eta mundu osoan izan du eragina, Aiaraldeko kasuak erakutsi duen moduan.

Hain zuzen, neurri batean, pandemiak eta itxialdiak dute atakaren ardura, baina egoeraren erroak sakonagoak dira. Alde batetik, itxialdian teknologia berrien -ordenagailuak, bideokontsolak...- kontsumoa biderkatu zen eta ez da apaldu geroztik. Antza, 2021eko lehen hiru hilabeteetan %55 igo zen kontsumoa.

Eskaeren gorakadak mikrotxipen ekoizleen gaitasuna gainditu zuen eta enpresek aukeratu zuten produktu garestienei eta etekin gehien sortzen zituztenei lehentasuna ematea. Ondorioa izan zen azken belaunaldiko ordenagailuen eta txartel grafikoen txipak igo zirela zerrendaren lehenengo postuetara eta autoenak edota etxeko tresnenak -zaharragoak eta sinpleagoak- ilararen azken tokietan geratu zirela.

Horri, gainera, bestelako aldagaiak gehitu behar zaizkio: 5G sarearen garapenak teknologia hau behar duela, ekoizleak oso gutxi direla (Taiwan eta Hego Koreakoak gehienbat) eta espekulatzaileak ere agertu direla.

Lehen arazoak kutsu geopolitikoa bazuen, askoz gehiago du orain

Lehen arazoak kutsu geopolitikoa bazuen, askoz gehiago du orain. Estatu Batuek Txinaren kontrako zigorrak abiatu zituzten, jatorri amerikarra zuten teknologiak erabiltzeagatik bere mesederako eta horrek, ondorioz, mikrotxipak garatzeko gaitasuna oztopatu zion erraldoi asiarrari. Europar Batasuna zein Amerika konturatu dira zein zaurgarriak diren teknologikoki eta inbertsioak egiteko plana garatzen ari dira, euren ekoizpen propioa bermatzeko eta hornidura katearen menpe ez egoteko.

Edonola ere, mikrotxipak ekoizteko lantegiek urteak behar dituzte eraikitzeko eta funtzionatzen hasteko. Hortaz, ikusteke dago zer nolako eragina izango duen munduaren norabidean eta, nola ez, Aiaraldeko enpresetan.

Enpresa guztiek ez dute kaltea sumatu

Zorionez, autoen industriara loturik dauden enpresa guztiek ez dute krisi hau nabaritu. Esaterako, Glavista Laudiok -lehen Guardian Glass zenak- txanda guztiak ditu lanean eta ELAko kide batek honakoa ziurtatu dio Aiaraldea Komunikabideari: "lehen bezain beste edo gehiago ekoizten dugu orain".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide